Maiatzaren 2an Eskola Jazarpenaren Nazioarteko Eguna ospatzen da

Kartela

Stop bullying

2020/04/30

Juan San Martin Liburutegiak irakurketa gida bat egin du eta eskoletan zabalduko du

Eskola jazarpenaren edo bullyngaren aurkako borrokak soluzio bat eman nahi die indarkeriaren sakoneko kausei eta ikasleen eskubideetan oinarritutako kultura bat sustatu, indarkeriarekiko zero tolerantzia izango duena.

Horretarako egiten diren ekintzek eskola-jazarpenaren aurrean kontzientziazioa eta konpromiso sozio-hezitzailea lortzea dute helburu.

UNESCOren hitzetan, "Eskolako indarkeriaren eta jazarpenaren aurkako borroka funtsezkoa da garapen iraunkorreko helburuak lortzeko, bereziki 4. helburua, kalitatezko hezkuntza ekitatiboa eta inklusiboa bermatu, eta bizitza osoan guztientzako ikaskuntza-aukerak sustatu nahi dituena, eta 16.a helburua, gizarte baketsu eta inklusiboak sustatu nahi dituena".

Eibarko Udalak onartutako Haurren, Nerabeen eta Familien I. Planaren (2018-21) ekintzen barruan, zenbait sentsibilizazio-programa jarri dira abian.

Udal Liburutegiak, Haurreria, Gazteria eta Familia sailarekin elkarlanean, zenbait jarduera zituen aurreikusita urte honetarako eskola-jazarpenaren aurka borrokatzeko.

Jarduera horietako bat dugu irakurketa-gida hau, herriko ikastetxeekin partekatuko dena.

Bertan hainbat material jasotzen dira geletan edo familietan lantzeko, eta baita eskola-jazarpena gai nagusitzat duten ipuin eta nobelak ere. Gainera, pelikula batzuk eskaintzen dira arazo hau geletan lantzeko balio dezaketenak.