Liburutegia berriro saritua, irakurketa sustatzeko "María Moliner" proiektu lehiaketan

2017/12/15

Kultura Ministerioak irakurketa bultzatzeko ekimen onenetarikotzat hartu du "Vamos a hablar de libros… y aprendamos a contarlos y escucharlos” proiektua.

Eibarko Juan San Martin Udal Liburutegiak Maria Moliner saria jaso du 2017an ere. Maria Moliner saria Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak antolatzen du urtero irakurketa sustatzeko, eta 50.000 biztanletik beherako liburutegiek irakurketa bultzatzeko antolatzen dituzten ekimen onenak saritzen ditu. Juan San Martin liburutegiak aurten aurkeztu duen proiektuak “Vamos a hablar de libros… y aprendamos a contarlos y escucharlos" izenburua du, eta bereziki umeei eta gazteei zuzenduta dago.

Euskal Autonomia Erkidegoan saria lortu duten bederatzi liburutegietako bat da Eibarkoa; tartean Gipuzkoako 2 liburutegi daude. Ez da lehenengo aldia Juan San Martin Liburutegiak María Moliner lehiaketako sarietakoren bat irabazten duena; izan ere, aurten hamahirugarrenez lortu du saria. 2003 eta 2017 urte bitartean lortu ditu guztiak, 2011. urtean izan ezik. Saria 1.706,66 eurokoa da, zeintzuk Liburutegirako liburuak erosteko bakarrik erabili beharko diren.

Urtean zehar antolatzen diren irakurketa sustatzeko jarduerak programa iraunkor baten osagaiak dira. Horrekin lortu nahi da erabiltzaileek liburutegira etortzeko ohitura har dezaten, bai topagune antzera erabiltzeko, bai irakurgaien bila.

Liburutegiko ohiko programazioan honako hauek izaten dira: irakurketa-klubak, irakurketa sustatzeko lehiaketak, ipuin-kontalarien saioak eta hitzaldiren bat edo beste. Aldi berean, kanpaina bereziak egiten dira udalean antolatzen diren efemeride edo ekitaldi konkretuei lotuta. Ildo horretan, aipatzekoa da Gabonak direla-eta momentu honetan martxan dagoen eta gazteenen artean arrakastatsua suertatzen ari den “Olentzero, ekarriko didazu ipuin hau?” jarduera.

Heldu zein ume eta familiei daude zuzenduta antolatzen diren jarduerak. Eguneroko erabiltzailea fidelizatzea bilatzen da, baina baita Liburutegia ezagutzera ematea inoiz etorri ez direnak etortzen has daitezen.

Proiektura aurkeztutako jarduerak

Aurten, proiektura aurkeztutako jarduerak honako hauek izan dira: “Leer te da vidas extra”: gure ekarpen txikia Irakurketa Sustatzeko Planera (Bularretik Mintzora, BooktuberBoom: EAEko Booktuber I lehiaketa, Irakurketa errazeko klubak eta eLiburutegia); gure irakurleentzat antolatutakoak (Liburua, kulturarako atea); ume eta gazteei zuzendutakoak (“Itsaspeko bihotzak” areto literarioa, “Li(buru-hausgarriak)” lehiaketa, Zapatuko ipuina, “Liburu Artean” liburutegi-tailerra, Azalerako ipuinak (irakurketa-kluba), Liburuen poltsa (Irakurketa-kluba), Paperezko hegoak (Irakurketa-kluba), Hezkuntzaren Aldeko Mundu Kanpaina); pertsona helduei zuzendutakoak (Gaztelerazko irakurketa-kluba, “Idazlearekin harixa emoten” euskarazko irakurketa-kluba, Interesguneetan aurkeztutako dokumentuak, Hitzaldiak eta liburu-aurkezpenak, Erabiltzaileen formakuntza-tailerrak, Elegunea (hizkuntzen autoikaskuntzarako ataria).