Liburu eta Disko Azoka urriaren 8tik 17ra bitartean egingo da

2021/10/08

Helburua irakurketa sustatzea da. Azokan hainbat salmenta-postu jarriko dituzte, eta azken argitalpenak eskainiko dituzte, euskaraz zein gaztelaniaz. Azoka irekita egongo da 11:30etik 13:30era eta 17:30etik 20:30era astelehenetik ostiralera, eta 12:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 20:30era larunbat eta igandeetan.

Aurten ere, Eibarren, Liburu eta Disko Azoka egingo da gaur, urriak 8, hasi eta hilaren 17ra arte, Unzaga plazan. Astegunetan, azoka zabalik egongo da 11:30etik 13:30era eta 17:30etik 20:30era, eta 12:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 20:30era, asteburuetan. 

Aurten jarritako postu edo stand ezberdinek azken argitalpen berriak erakutsiko dituzte, bai euskaraz eta baita gaztelaniaz ere. Helburu nagusia da herritarren artean irakurzaletasuna sustatzea. 

Besteak beste, Elkar, Erein, Txalaparta eta Ttarttalo argitaletxeak izango dira. Eta, banatzaileak aparte, liburu-denda bat eta udalaren stand-a egongo dira.

Bestalde, aurreko urteetan bezala, hainbat idazle izango dira bertan, besteak beste, César Fernández, Javier Sagastiberri, Miren E. Palacios eta José Javier Abasolo.

Besteak beste, honako liburu hauek aurki daitezke azokan: euskaraz, "Aitaren Etxea" (Karmele Jaio); edo "Ene baitan bizi da" (Maddi Ane Txoperena); eta gaztelaniaz, "Chamusquina" (Noelia Lorenzo Pino); "El ruido de entonces" (Anton Arriola); edota "El tesoro de Lucio" (Belatz).

Liburutegiko datuak

Bestalde, Juan San Martin Liburutegitik jakinarazi dutenez, 2021ean gehien mailegatu diren euskarazko liburuak hauek izan dira: Aitaren Etxea (Karmele Jaio); Miñan (Amets Arzallus); Dendaostekoak (Uxue Alberdi); Giles de Rais (Anjel Lertxundi); eta Kiler bat autopistan (Bernardo Atxaga). Gaztelaniazko maileguei dagokienez, honako hauek nabarmentzen dira: Reina roja (Juan Gómez Jurado); Loba negra (Juan Gómez Jurado); Rey blanco (Juan Gómez-Jurado); La danza de los tulipanes (Ibon Martín Álvarez); eta La isla de las mujeres del mar (Lisa See).

Era berean, udal liburutegitik gogorarazi dute irakurketa talde ezberdinak daudela -helduen eta adin txikikoen artean- irakurketa sustatzeko helburu nagusiarekin. Helduen artean bi talde daude: Harixa emoten (euskarazko irakurle taldea), gaztelaniazko irakurketa kluba eta ingelesa eta frantsesa iaksteko bilerak edota tailerrak. Adin txikikoak, berriz, honako talde hauetan sartzen dira: Azalerako ipuinak (hiru talde, 1 eta 3 urte bitarteko haurrekin), Liburuen poltsa (hiru talde, 4 eta 7 urte bitarteko haurrekin) eta Paperezko hegoak (bi talde, 8 eta 12 urte bitartekoekin).

Azkenik, nabarmentzekoa da urriaren 18tik 30era bitartean "hitzak Zaindari" erakusketa ibiltaria bisitatu ahal izango dela Juan San Martin Udal Liburutegian.