Lehiaketa eta kontsulta irekia: izena eta irudi korporatiboa Errebaleko erabilera anitzeko gunerako

2017/09/11

Izenen proposamenak lehen hezkuntzako ikasleek egingo dituzte eta irudi korporatiboarenak, berriz, Eibarko ikastetxeetako Batxilergo Artistikoko ikasleek. Proiektuak aurkezten direnean, erakusketa bat izango da eta herri-galdeketa egingo da izena eta irudia aukeratzeko.

Eibarko Udalak Errebalen sortuko duen eraikinaren izena eta irudi korporatiboa finkatzeko eskolarteko lehiaketa eta herri-galdeketa egingo ditu. Uztailaren 26an egindako ezohiko osoko bilkuran onartu zen proposamena, prozesua zuzenduko dituen oinarriekin batera. Lehiaketa lehen hezkuntzako hirugarren zikloko ikasleei (LH 5. eta 6. maila) zuzenduta dago, baita Batxilergo Artistikoko ikasleei ere (Ignacio Zuloaga Institutua eta Eibarko La Salle Azitain ikastetxea). Lehenengoek izen ezberdinak proposatuko dituzte erabilera anitzeko eraikinarentzat; bigarrenek, berriz, irudi korporatiboko diseinuaren ideiak. Gainera, herri-galdeketa bat egingo da aurkeztutako proiektuen artean bat aukeratzeko.

Lehen hezkuntzako zentroek lehiaketan parte hartzeko irailaren 11tik 29ra bitartean egin beharko dute izen-ematea; lehen hezkuntzako ikastetxe bakoitzeko zuzendariak egin beharko du ondorengo bideetatik: izen-emate elektronikoa (Izenpe txartela edo NAN) www.eibar.eus web orrian edota Pegoran, Herritarren zerbitzurako bulegoan.

Oinarriak eskuratzeko klikatu hemen