Eibarko Udala

Lau pelikula proiektatuko dira Untzagan udako aire zabaleko zineman

2022/07/27
‘Little Miss Sunshine’ pelikularen kartela.
Saioak abuztuko ostegun guztietan egingo dira, gaueko 22:00etatik aurrera. Programatutako lau filmak hauxek dira: ‘Little Miss Sunshine’, ‘Lur eta Amets’, ‘Nomadland’ eta ‘Descarrilados’.

Aire libreko zinema uda honetan itzuliko da Eibarrera. Kultura Sailak lau saio programatu ditu: pelikulak euskaraz zein gaztelaniaz izango dira, hainbat tematika izango dituzte eta abuztuko ostegunetan proiektatuko dira pantaila erraldoi batean, Untzagan, 22:00etatik aurrera. Euria eginez gero, proiekzioa udaletxeko arkupeetan egingo da.

Programazioa abuztuaren 4an irekiko da ‘Litle Miss Sunshine’ pelikularekin: euskaraz proiektatuko da umorezko film iparramerrikarra. Filmaren argumentua hauxe da: familia batek erabakitzen du bere alaba txikia edertasun-lehiaketa batera eramatea eta bidaia bati ekingo dio furgonetan Estatu Batuetatik zehar.

Abuztuaren 11n, ‘Lur eta Amets’ proiektatuko da: animaziozko euskal film bat da eta euskaraz izango da. Lurrek eta Ametsek asteburu bat pasatzen dute beren amama magikoarekin, gurasoak ezkontza batean dauden bitartean.

Hirugarren filma ‘Nomadland’ izango da, abuztuaren 18an. Estatu Batuetan ekoiztutako drama bat da eta gaztelaniaz emango da: dena galdu duen emakume batek bidaia bati ekingo dio karabana batean Mendebalderantz, nomada baten gisara.

Azkenik, abuztuaren 25ean, 'Descarrilados' filma proiektatuko da. Umorezko film espainiar bat da, zeinean Pepok, Rogek eta Costak duela hogei urte Interrailen eta beren lagun Juan Luisekin hasi eta amaitu ezin izan zuten bidaia amaitu beharko duten.

Jon Iraola alkatearen hitzetan, “aire zabaleko zinema-emanaldien programazio honekin, Eibarko Udalatik aisialdiko alternatiba bat eskaini nahi diegu abuztuan herrian geratzen diren guztiei; era berean, bermatu nahi dugu abuztuan, non era honetako eskaintza asko murrizten den, kultur jarduerak bizirik irautea.”.