Kulturako webgune berria martxan da

2015/07/23

Sortu berri den mikrositearen helburua da udaleko kultur eragileak batu eta kultura, euskara eta gazteriaren arloetan, besteak beste, gauzatzen diren ekimenen berri ematea.

Web gune berriak batzen dituen atal nagusiak honako hauexek dira: Portalea Kultura Etxea, Coliseoa, Juan San Martin Udal Liburutegia, Udal Eskolak –“Juan Bautista Guisasola” Herriko Musika Eskola, Margo Eskola, Zeramika Eskola eta Udal Euskaltegia- Euskara eta Gazteria. Gainera, Arrateko Aterpetxea, Armagintzaren Museoa, Egoibarra Batzordea, Eibarko euskara edota herriko jaiekin lotutako informazio eta dokumentu interesgarriak herritar ororen esku jarriko dira.

Kulturako atariak bere albistegi propioa izango du, eta bertan plazaratutako edukiak, automatikoki, udal webgunean ere agertuko dira. Horrez gain, web guneak batzen ditu orrialde nagusian ‘Agenda’ atala eta Coliseo Antzokiko zine karteldegia.

Aurrerantzean, herritarrek gune edo plataforma bakarrean topatuko dute Eibarko kulturarekin lotutako nahi beste eduki: ikastaroak, matrikulak, ordutegiak, ekitaldiak, kanpaina bereziak, hitzaldiak eta abar.