Kontzeptzionisten Ipuruako komentua barrutik ezagutzeko, edifizioaren grabazioa egin du Ego Ibarra batzordeak

2018/07/26
Ipuruako komentua 1955eko abenduaren 11n inauguratu zuten: 749 metro dauzka, elizak 135 metro hartzen ditu; kanpoko aldean ikuilua, ortua eta lorategia dauzka.

Eibarko Udalak 1951ko urriaren 4ko eskritura bidez, Kontzeptzionistei Isasi aldeko lursail guztiak erosi zizkien babes ofizialeko etxeak, eskola, merkatua eta San Pio eliza jasotzeko. 854.867,60 pezetatan erosi zituen Udalak lursailak, baina 505.506,80 pezeta ordaindu zizkion komunitateari eta hortik gorakoa lursailetan eman, hain zuzen ere, 17.468,04 m2. Udalak bere aldetik eliza eta komentua eraiki zituen Ipuruan eta mojei entregatu; Kontzeptzionistek, 505.506,80 pezeta ordaindu zizkioten Udalari.

Aipatzekoa da salmenta-eskrituretan datorren aipamena: “Una finca entre la que se hallaban enclavados un pabellón de piedra sillería destinada a capilla ardiente y cementerio, una construcción de hormigón destinada a lavadero (…), unas ruinas de una Iglesia construida de manpostería, el Pórtico de la Iglesia y las ruinas de la que fue Convento de Religiosas Concepcionistas de Isasi”.

Komentua 1953an hasi zen eraikitzen, Joaquin Dominguez Elosegui udal arkitektoak egindako proiektuaren arabera.

Komentura eskailera batetik iristen da, kaleko espaloitik abiatuta arkupeetara ematen duena; ataripe horren arkuak Komunitateak Isasi kalean zeukan komentuko Elizan zegoen arkupe zaharretik berreskuratu ziren. Jarraian, estali gabeko patio bat dago, eta hortik apaizaren etxera eta erlijiosoen Komunitatera joaten da.

Komentuko beheko solairuak, sartu eta ezkerretara, honako gela hauek ditu: ama etxezainaren gela, garbitegiak, ikatz-gelak, komunak, despentsa, jangela eta sukaldea. Barrura sartu eta atondoan beste ate bat dago osteko patiora eta lorategietara ematen duena. Solairu honen eskuinaldean, bisitarako gelak daude, arropa konpontzeko gela, plantxatzeko gela, sakristia, apaizaren bulegoa eta komunak.

Lehenengo solairuan Komunitateko mojen gelak daude, 32 guztira, bi bainugela, bi komun, arropak gordetzeko gela eta erizaindegia.

Bigarren solairuan nobizientzako bederatzi gela zeuden, bainugela, arropak gordetzeko gela, zaindariaren gela, josteko gela eta elkartzeko gela, leihoa handi batekin Elizara ematen duena. Solairu horretan eta hegoaldera begira, terraza handi bat dago, nobiziak paseatzeko.

Ikusi bideoaren zati bat Egoibarraren webgunean

etiketak: