“Euskara bidegurutzean, baita Eibarren ere” hitzaldia eskainiko du Kike Amonarrizek hilaren 19an, udaletxeko patioan

2017/12/14

"Hamaika berbaldi" ekimenaren barruan kokatzen da datorren asteko hitzaldia; 2017ko abendutik 2018ko abendura arte 11 hitzaldi, tertulia edota mahainguru egingo dira.

Eibarko udaletxeko patioak Kike Amonarriz soziolinguista, umorista eta telebistako aurkezlearen solasaldia hartuko du datorren asteartean, abenduak 19, 19:00etan. Jorratuko duen gaia da “Euskara bidegurutzean, baita Eibarren ere”.

Saio honek hasiera emango dio “Hamaika berbaldi” ekimenari. Horren harira, 2017ko abenduan hasi eta 2018ko abendua bitartean 11 hitzaldi, tertulia edota mahainguru egingo dira.

Hamaika saio horien helburuak ere hamaika dira: Eibarren AKEBAIko kideak motibatzea edo aktibatzea eta euskararen aldeko diskurtsoa berritzea, euskaraz bizi nahi dutenak ahalduntzea, euskaraz bizi ez den jendearengana iristea, “11 egun euskaraz” Euskal Herri mailako egitasmorako eibartarrak martxan ipintzea…

Ekitaldia euskaltzale guztientzat zabalik egongo da, beraz herritar guztiak gonbidatuta daude, hitzaldiak interes handia izango du eta.

Kike Amonarrizek jendea animatzeko grabatu duen bideoa