Kezka taldea koko-eskean eta ate-joka ibiliko da otsailaren 19an, Gorosta eta Mandiola bailaretan.

Argazkia: 2019ko koko-dantzak. CC-Felipe Loyola

Argazkia: 2019ko koko-dantzak. CC-Felipe Loyola

2022/02/14

Koko-dantzari eibartarrak Mandiola eta Gorosta auzoetako baserrietara hurbilduko dira zapatu honetan. Azken agerraldia 2019an egin zuten.

Goizean goiz hasiko dira merkatu plazan eta, ondoren, bailara bi horietara abiatuko dira, goizeko 9etatik arratsaldeko 3etara. Hauxe da baserri-ibilbidea: Orbe, Eskaregi, Agirregainekoa, Agirreazpikoa, Azaldegigainekoa, Nagiorbe, Nagiorbebekoa, Boneta, Sagarbieta, Azpiri, Mandiolagainekoa, Mandiolazpikoa eta Arlaban.

Bestalde, Eibarko Aratosteetako 2022ko kartelak gure herriko koko-dantzariak eta koko-marruak islatzen ditu, inauteriaren sustraian oinarrituko pertsonajeak: mamarruak, burburixuak, aixerixak, hartza, Petra eta Maria, Don Eusebio, Kattalin eta Manuela, Batista kojua, amabirjina, Martin perratzailia, sasi-kartia...

Arratsaldean, 18:00etan Errebal plazan bilduko dira kokomarru gehiago koko-jantziak jartzeko, eta 19.00etatik aurrera, Anbulatorioko parkean batu ondoren, Eibarko kaleetan zehar ibiliko dira.

etiketak: egoibarra