Juan San Martinen obra osoaren digitalizazioa aurkeztu da

Juan San Martinen obra osoaren digitalizazioa aurkezteko egin den prentsaurrekoaren irudia.

Juan San Martinen obra osoaren digitalizazioa aurkezteko egin den prentsaurrekoaren irudia.

2022/11/07

Guztira, San Martinen lanak 1.829 obra ditu (14.615 orrialde). Obra osoa eskuragarri dago www.jakin.eus webgunean.

Gaur goizean, Eibarko Portalea Kultur Etxean, Juan San Martinen obra osoaren digitalizazioa aurkeztu da. Proiektua gauzatu ahal izan da Eibarko Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Jakin Fundazioaren lankidetzari esker. Azken hori arduratu da digitalizazioaz. 

Ekitaldian izan dira Harkaitz Millan Kulturako diputatua, Bingen Zupiria Kulturako sailburua, Jon Iraola Eibarko alkatea eta Lorea Agirre Jakin Fundazioko zuzendaria. San Martinen senide eta lagunak ere izan dira ekitaldian.

Harkaitz Millan Kultura diputatuak azaldu du “Juan San Martinen lana hain da handia eta zabala, ezen zaila baitzen haren osotasunera iristea eta ikuspegi osoa izatea. 2016. urtean, gainera, digitalizazioari esker, interaktibitateari esker, corpus gisa eratutako testuinguruan jar daiteke, autorearen ezagutzan sakontzen laguntzen duena eta ikerketa berrietarako bidea irekitzen duena".

Jon Iraola, Eibarko alkateak azaldu duenez, «Eibarko Udalak ez du zalantzarik izan Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin garatu den proiektu horretan laguntzeko. Zalantzarik gabe, lan bikaina da, eta aukera emango digu eibartar honen lan guztia modu erraz eta eskuragarriagoan erabiltzeko, kontsultatu nahi duenaren eskura jarriz, edonon dagoela ere. Horregatik, zalantzarik gabe, gaur aurkezten dizueguna mugarri garrantzitsua da Juan San Martinen lana zabaltzeko».

Bingen Zupiria, Kulturako sailburuaren esanetan «Idazlea, ekintzailea eta administradorea izan zen Juan San Martin eta gutxitan gertatu da Euskal Herrian ezaugarri guzti hauen uztardura. Ahalegin bakoitzean bere ideiak tinko mantentzeaz gain, 1980. urtean Indarkeriaren aurkako manifestuaren sinatzaileetako bat izan zen. Tradizio desberdinetako pertsonen arteko harremanak mantentzen jakin zuen eta guztien errespetua eta aitortza jaso zituen. Bere liburu eta artikuluen digitalizazioak gaurko euskaldunen eskura jarriko ditu Eibarko seme honen nortasuna eta jarduna”.

Lorea Agirre, Jakin Fundazioko zuzendariak adierazi duenez, «Jakinentzat egun seinalatua da gaurkoa, azkenik Juan San Martinen obraren digitalizazioa aurkeztera gatozelako. Omenaldi asko jaso ditu San Martinek, mereziak denak; baina, agian, hauxe falta zitzaion »

Juan San Martin

Juan San Martín Ortiz de Zarate Eibarren jaio zen, 1922ko ekainaren 23an, eta Hondarribian hil zen, 2005eko maiatzaren 30ean. Idazlea, arkeologoa, etnografoa, mendizalea, herriaren defendatzailea eta euskaltzaina izan zen. Lehen 14 urteak Eibarren eman zituen, 1936an gerra piztu zen arte. Aita, jatorri eta joera liberal ezkertiarrekoa, Valentziara joan zen Errepublikarentzako armak egitera; haren ama eta lau anai-arrebak Bordelera joan ziren itsasontziz, Arratiatik, Bilbotik, Santanderretik eta Gijondik ihes egin ondoren. Frankistek harrapatu eta El Ferrolera eraman zituzten, eta handik Eibarrera. Etxea txikituta aurkitu zuten, eta osaba baten etxean, eskuak hutsik, bizitza berri bat hasi zuten. Juan San Martinek bat-batean amaitu zuen haurtzaroa.

Tornulari-lanetan hasi zen egunez, eta, gauez, eskolara joan zen. Soldadutzara ere joan behar izan zuen, lehenik Madrilen eta gero Burgosen. Euskaldunen aurkako irain eta mespretxuen aurrean, euskara ondo ikasteko gogoa sortu zitzaion.

Irakurle sutsua zen ordurako, eta mendizale amorratua. Lehenengo idazkiak mendia dute hizpide, Eibarko Kirol Klubaren buletina eta Pirenayca aldizkaria, hasieran gaztelaniaz eta gero euskaraz.

Bere lehen liburua 1959an argitaratu zen, eta Juan Antonio Mogeli buruzkoa da, haren bizitzari eta lanei buruzkoa. Ondoren, beste hainbat gai jorratu zituen, hala nola, umorea, literatura, artea, etnologia, hizkuntza.

Euskaltzaindiko lehendakariorde ere hautatu zuten, baina hurrengo urtean utzi zuen kargua, Ararteko edo Euskal Herriaren Defendatzaile izendatu baitzuten. 2001. urtean, Eibarko Udalak, Udako Euskal Unibertsitatearekin lankidetzan, Juan San Martín beka sortu zuen, ikerketa bultzatzeko eta Eibarko Juan San Martin ikerlari eta euskalduna omentzeko.

San Martinek idatzitako lana, zalantzarik gabe, guztiz nabarmentzeko modukoa da. Lan handia egin zuen, bai kuantitatiboki, bai kualitatiboki. Kultura, hizkuntzalaritza, euskara, literatura, historiaurrea, artea, arkeologia, etnografia... Arlo askotan lan egin zuen San Martinek egunkari eta aldizkari ugaritan. Ezin bestela, bi zaletasun handiek ere parte hartzen dute: mendiak eta espeleologiak. Eta poeta gisa egindako sorkuntzak ere nabarmentzen ditugu.

San Martinen obra digitalizatzea

San Martinen lana oso handia da, eta gutxik ezagutzen dute erabat. Orain, dena batean, corpus gisa eratua, eta duen elkarreraginari esker, San Martinen lanak dimentsio berri bat hartzen du, eta ikertzaileei azterlan berriak sortzen dizkie.

Digitalizazioari esker, San Martinen literatura-sorkuntzaz gain, ekoizpen intelektual eta kulturala gure esku geratuko da erabat, inolako sekreturik gabe.

Juan San Martinen obra digitalizatzeko proiektua 2016an aurkeztu zitzaion Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari. Jakin Fundazioa arduratu zen prozesu horri ekiteaz, eta harrezkero, digitalizazio-lanek Aldundiaren ardura izan dute. Guztira, San Martinen lanak 1.829 obra ditu (14.615 orrialde).

Obra osoa PDF formatuan digitalizatu da. Hori digitalizatzeko, prozesua hainbat urratsetan eraiki da: Argitaratutako lan guztiak katalogatu dira, iturriak aztertuz. Obra osoa bildu da, idatzia eta argitaratua: liburuak, liburu-zatiak, aldizkari eta egunkarietako artikuluak, itzulpenak, gutunak. Eta eskaneatu eta garbitu egin da.

Juan San Martinen obra osoa eskuragarri dago esteka honetan: https://www.jakin.eus/digitalizazioa/san%20martin