Juan San Martin 1922-2022: erakusketa - interesgunea

2022/11/10

Juan San Martinen jaiotzaren mendeurrena dela eta, Eibarko Udalak Eibarko seme kutun honen irudia nabarmentzeko ekitaldiak antolatzen jarraitzen du.

Azaroaren 7an Juan San Martinen obra osoaren digitalizazioa aurkeztu zen. Proiektua Eibarko Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Jakin Fundazioaren lankidetzari esker gauzatu ahal izan da, azken hori izan baita digitalizazioaren arduraduna.
Ekitaldian izan ziren Harkaitz Millan Kulturako diputatua, Bingen Zupiria Kulturako sailburua, Jon Iraola Eibarko alkatea eta Lorea Agirre Jakin Fundazioko zuzendaria. San Martinen senide eta lagunak ere izan ziren ekitaldian.

Liburutegiak, Juan San Martin izena duenak, ez du omenaldi hauetan gutxiago izan nahi izan. Hori dela eta, bere bizitzako etapa nagusien berri ematen duten materialekin erakusketa oroigarri bat prestatu dugu: bere biografiaren data garrantzitsuak, bere autodidakta ikaskuntza, Euskaltzain izatera eraman zuen euskararekiko maitasuna, Eibarko Klub Deportiboan izan zuen partaidetza, sortu zuen lan oparoa, bere ibilbidean zehar lortutako sariak... Hainbeste eta hainbeste alderdi bere bizitzan, gure bildumako argazki eta liburuekin islatu nahi izan ditugunak.

Erakusketa liburutegiaren ordutegian dago ikusgai azaroaren 7tik abenduaren 18ra bitartean.

Abenduaren 12tik 16rako astean, Nerea Alustiza eibartarrak bisita gidatuak egingo ditu bigarren hezkuntzako eta batxilergoko ikasleekin. Gainera, bisita gidatua eskainiko dugu bere izena daraman liburutegian abenduaren 12an, arratsaldeko 19:00etan eta Juan San Martin ezagutu nahi dutenek izena eman ahal izango dute.

Abenduaren 14rako, bere seme Oier San Martinek hitzaldi bat emango du, eta ondoren, Eibarko Klub Deportibok duen dokumentazioan oinarritutako solasaldi bat egingo da, Iñaki Osoro presidenteak emango duena. Aurrerago zehaztuko dugu hitzaldi horien edukia.