Izenak eta izanak: Eibarko kale-izenak bildu nahian egindako proiektua
Jone Batista Zabala ikerlariak –Lanbidek emandako laguntzari esker kontratatutakoa— herriko kale-izenen bilketa-lana egin du. Erabili dituen iturriak Udal Artxibokoak izan dira, besteak beste, Eibarko Udaleko akta-liburuak (1905-1938), Gipuzkoako Nomenklatorra, Eibarko Biztanleen Udal Errolda, Eibarko industria-matrikulak (1870-1965) eta udal akordioak izan dira. Nola ez, gaiaren inguruan dauden bigarren mailako iturriak edo lanak ahazteke (Eibarko hiri-toponimia liburua, Orígenes y evolución, Euskaltzaindiaren txostenak…).
Hona hemen esate baterako 1896-1897 bitarteko industria-matrikulak dakartzan gure herriko kale-izen batzuk: Barrencale, Calle del Hospital, Maria Angela, Hospital ciarra, Raval, Elguetacale, Muzatagui, Barrena-chiqui edo Pescaderia.
Edo 1931ko udal akten borradoreetan jasotako hauek: Plaza de la República, Hospital, Alhóndiga,Jardín de Convalecientes, Barrencalle, Calle de Pablo Iglesias (lehen Paseo San Andrés), Capitán Galán (lehen Bidebarrieta), Garcia Hernandez (lehen Estación), Sansaburu, Probadero, Calle Pescaderia, Chancha-zelai, Urcusua eta beste hainba kale.
Kaleen izenak aldatzen joaten dira eta aldatu ere egiten dira; eta hartara, bilketa-lanak garrantzia handia du nondik gatozen jakiteko eta aldaketa horiek zergatik gertatu diren ikusteko. Hala ere, oraindik asko da egiteko dagoena.