II. Errepublikapren Aldarrikapenaren 95. urteurrena
II. Errepublika oroitzeko programa zabal bat prestatu du Eibarrek Hitzaldiak, antzerkia, bisita gidatuak eta familia-jarduerak izango dira protagonistak apirilaren 14tik 26ra bitarteko agendan. Cristina Almeida, Manuela Carmena eta Paquita Sauquillo bezalako figura nabarmenek hartuko dute parte egitarauan.
Eibarrek berriz ere begiratuko du atzera bere oraina ulertzeko. Udalak programa aurkeztu du, II. Errepublikaren aldarrikapenaren inguruko jarduerez betetako agenda, apirilaren 14 eta 26aren bitartean egingo dena.
Jon Iraola Eibarko alkateak hitzordu honen garrantzia azpimarratu du:
“Eibar harro dago eta erantzukizun historikoa du II. Errepublika aldarrikatzen lehen hiria izan baitzen. Ospakizun hau ez da oroitzapen-ekitaldi bat bakarrik; honaino ekarri gaituzten balio demokratikoei buruz eta horiek belaunaldi berriei transmititzearen garrantziari buruz hausnartzeko unea ere bada. Herritarrek memoria hau modu aktiboan bizitzea nahi dugu: parte hartzea, galderak egitea, ikastea eta inspiratzea egungo demokrazia indartzeko. Horrelako programek, hain mimo handiz prestatuek, aukera ematen digute historia, kultura eta hezkuntza uztartzeko, iraganaren eta orainaren arteko elkarrizketa irekian, eta erakusteko gizartearen aurrerapenak, berdintasuna eta herritarren parte-hartzea gaur egungo erronka partekatuak direla".
Egitarauak Untzaga plazan —Memoria Leku gisa aitortua— izango du hasiera apirilaren 14an, 10:30ean. Ekitaldi instituzional bat egingo da, zeinean Memoria Demokratikoaren Estatuko idazkaria egongo den. Ekitaldian zehar, udaletxean beste plaka bat jarriko da, Eibar Memoria Demokratikoaren Leku gisa aitortze aldera. Egun berean, arratsaldean, Coliseoan “Avances sociales de la II República y el papel de las mujeres” izenburuko mahai-ingurua egingo da; Cristina Almeida, Manuela Carmena eta Paquita Sauquillo izango dira bertan, eta Irene Hernandok moderatzaile-lanetan jardungo du.
Andoni Zabala Kultura zinegotziak programaren ikuspegia nabarmendu du:
“Diseinatu dugun programak zehaztasun historikoa eta bizirik dauden kultura-esperientziak uztartzen ditu. Cristina Almeida edo Manuela Carmena gonbidatu entzutetsuen hitzaldietatik antzerki eta familia-jardueretaraino, memoria historikoa zerbait benetakoa eta hurbila izatea nahi baitugu. Kultura da historia ulertzeko, sentitzeko eta hari buruz hausnartzeko bidea ematen digun tresna, eta programa honek erakusten du hiriak memoria parte hartzeko eta hezteko gune bihur dezakeela. Benetan uste dugu gure iragana gogoratzea dela etorkizun bidezkoago, inklusiboago eta kontzienteagoa eraikitzeko bidea”.
Jardunaldiek jarraipena izango dute apirilaren 15ean Portalean, hezkuntza eta kultura II. Errepublikan gaiari buruzkoa, Antonio Benaigesen pedagogia-proiektuan oinarritua. 16an eta 17an, antzerkia izango da protagonista, Ahotsa(k) antzezlanaren aurkezpenarekin, Coliseoan eta Untzagan, hurrenez hurren.
Programak publiko guztientzako proposamenak ditu. Apirilaren 18an, Errepublikaren inguruko “Altxorraren Bila” jokoa egingo da, kuadrilan, familian edo lagunartean egin daiteke, eta apirilaren 19an eta 26an II. Errepublikaren aldarrikapenari buruzko bisita gidatuak antolatuko dira, gaztelaniaz eta euskaraz, Untzagatik abiatuta.
II.Errepublikako Aldarrikapenaren aktaren bila jokoan izena emateko klikatu hemen
II. Errepublikako Aldarrikapenaren bisita gidatuetan izena emateko klikatu hemen
Apirilaren amaieran amaituko da zikloa, Patxi Juaristi Larrinagak Portalean emango duen hitzaldiarekin: II. Errepublikaren gizarte-garapena Euskadin.