Gipuzkoan Gazte Tour egitasmoa hartuko du Eibarrek abenduaren 15ean

2018/12/04

Kontzertuak, abenduaren 15ean, arratsaldeko 18:00etan hasita, izango dira Eibarko Astelena pilotalekuan. Sarrerak 5 euro balio du. Bestalde, PSK taldearen dantza masterclassa goizean izango da, 11:00etan, dohainik, Ipurua Kiroldegian.

Gipuzkoan Gazte Tour programa hartuko du Eibarrek datorren abenduaren 15ean. Programa horren helburu nagusia da 12 eta 25 urte bitarteko gazte eta nerabeei kultura-programazio bat eskaintzea, ekitaldiaren parte senti daitezen saiatuz. Aurreko emanaldiak Azpeitian, Arrasaten, Zumarragan, Irunen eta Hondarribian egin ondoren, oraingo honetan, programak Eibarren egingo du geldialdia, gure Udalarekin lankidetzan, eskaintza zabala eta gaurkotua aurkeztuz. Egitasmoaren nondik norakoak gaur goizean, abenduak 4, aurkeztu dituzte prentsaurrekoan Patricia Arrizabalaga Gazteria saileko zinegotziak eta Fernando San Martín Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteriako zuzendariak.

Abenduaren 15ean, goizeko 11:00etatik aurrera, PSK taldearen dantza-master- classa izango da, dohainik, Ipurua Kiroldegian. Izen-ematea Pegoran, Herritarren zerbitzurako bulegoan egin beharko da, aldez aurretik. Beranduago, arratsaldeko 18:00etan hasita, musikarentzako tartea izango da Parrapas, Bago!az-eko protagonistak, Twin Melody eta DJ Txurruren eskutik, Astelena frontoian. Sarrerak 5 euro balio du eta Kutxabanken eta Coliseoko leihatilan, ohiko ordutegian eros daitezke eta, horrez gain, egunean bertan Astelenan erosteko aukera izango da.

Egitaraua

Dantza-Masterclassa

Lekua: Ipurua kiroldegian

Ordutegia: 11:00

Sarrera doan (izen-ematea Pegoran)

PSK (Pauso-K Dance Studio) Irunen dagoen dantza-eskola bat da, dantzaren diziplina ezberdinak irakasten dituena (klasikoa, modernoa…). Bertako irakasle zein koreografoak Dantzango! telebista-saioko koreografien diseinatzaile gisa aritu dira.

Gipuzkoan Gazte Tour

18:00 Parrapas taldea

Parrapas Erromeria taldea orain dela urtebete sortu zen, 17 eta 19 urte bitarteko Eibar eta Ermuko bost gaztek osatuta: Julen Leturiondo (ahotsa eta panderoa), Marina Ereña (trikitixa), Alex Davies (baxua), Egoitz San Martin (gitarra) eta Josu Cascan (bateria).

Lehenengo kontzertua eman zutenetik alde batetik bestera ibili dira euren giroa hedatzeko asmoz. Poliki-poliki talde profesionalagoa sortzea dute helburu, kontzertuen bidez esperientzia desberdi- nak sortuz.

Euren “etiketa” erromeria da, euskara bizi eta hedatu nahi dutelako, baina estilo ezberdineko kantak jotzen dituzte, betiere horien mezuaz jabeturik. www.instagram.com/parrapaserromeria

19:00 Bago!az taldeko protagonistak

Beñat Arizabaleta, Ane Rot, Irati Morales, Aritz Elustondo , Amaiur eta Udara Zubillaga, Bago!az telebista-saio musikaleko protagonistak dira. Sei euskal talentu gazte hauek oholtza gainean ehuneko ehuna ematera ohituta daude. Horrez gain, ezagutzeko aukera ematen dute kontzertuen ostean, meet & greet delako zonaldean.

20:30 Twin Melody

Paulak eta Aitanak 5 milioi jarraitzaile baino gehiago dituzte Tik Tok, Youtube eta Instagram-en gaur egun. Bikiak diren bi ahizpa ordiziar hauek sare sozialetan sekulako arrakasta lortzen hasi ziren, beste artista ezagunen abestiak bertsionatuz. Telebista saio ezberdinetan parte hartu dute euren talentua erakutsiz (Bago!az, Goazen! Telesaila). Orain dela gutxi aurreneko diskoa kaleratu dute “Twin Melody” izenarekin. www.instagram.com/twin_melody/

21:00: DJ Txurru

Publikoarekin konektatzeko ahalmen berezia du Egoitz Txurrukak “Txurru”. Duela 3 urte hasi zen irratian (Euskadi Gaztean) eta 2 urte daramatza DJ lanetan toki ezberdinetako festak girotzen.

www.instagram.com/twin_melody/