Gabonetako ekimenak martxan

2018/12/19

Olentzeroren kalejira, Gabonetako Haur Parkea eta Erregeen Kabalgata dira ekimen nagusiak.

Abenduaren 24an, 11:30ean, Olentzeroren kalejira izango da Urkizutik hasita, eta Errebal, Julian Etxeberria eta Toribio Etxeberria kaleetatik pasata Untzaga plazaraino iritsiko da. Tartean, geldiuneak ere egingo dira abesteko Urkizun, Coliseoan, Toribio Etxeberria kaleko hasieran eta erdialdean eta Untzaga plazan. 'Galtzagorri'-ren lau pertsonai bitxi ere Olentzerorekin batera izango dira kalejira osoan zehar. Ordubete beranduago, 12:30ean, Udaletxean, olentzeroren harrera izango da. Bertan, nahi duten ume guztiek parte hartu ahal izango dute. Gainera, Olentzerok opari bat banatuko du bertaratzen diren haur guztien artean. Pantxika astoa ere olentzerorekin batera izango da une berezi horretan.

Bestalde, Gabonetako Haur Parkea Eibarko Astelena Frontoian izango da, abenduaren 22, 26, 27, 28, 29, 31 (goizez) eta 2019ko urtarrilaren 2tik 4ra.  Ordutegia honako hau izango da: 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era. Domeketan itxita egongo da haur parkea. Bertan egingo diren ekimenak 2 eta 12 urte arteko haurrei zuzenduta egongo dira.

Azkenik, 2019ko urtarrilaren 5ean, kirol ikuskizuna eta Erregeen Kabalgata izango dira. Lehenengo ekimenean parte hartzeko, aldez aurretik, abenduaren 20an sarrerak banatuko dira Portalean dagoen Kultura sailean, 09:00etatik 12:30era. Kirol ikuskizuna Ipurua Kiroldegian izango da; 16:30ean ateak zabalduko dituzte herritar ororentzat, eta 17:00etan hasiko da. Gimnasia erritmiko taldeko partaideak, dantza kontenporaneokoak eta Eibarko Ballet taldekoak izango dira. Errregeen Kabalgatari dagokionez, 19:00etan hasiko da Untzagan eta Urkizuraino abiatuko da. Handik, berriz, Untzaga plazara igoko da, eta 20:00etan, Udaletxean erregeen harrera izango da. Bertan, ume guztiak pasatu arte egongo dira. Euria egingo balu Kabalgataren ibilbidea bertan behera geldituko litzateke eta Erregeek Udaletxera oinez burutuko lukete ibilbidea.