Freestyle profesionala Txaltxazelaira itzuliko da “Haki del Rey” lehiaren seigarren edizioarekin
Ekitaldia maiatzaren 23an egingo da, eta estatu mailan oilar-borroketan izen handia eta etorkizun oparoa duten gazteak bilduko dira. Sweet Pain izango da Txaltxazelaiko tenpletea inprobisazioaren eta kultura urbanoaren topagune bihurtuko duen jardunaldiaren buru.
Datorren maiatzaren 23an, Txaltxazelaiko tenpleteak “Haki del Rey” izeneko lehia hartuko du; eskualde mailan, freestylean ezagun bihurtu den ekimenaren seigarren edizioa izango da aurtengoa. Lehia arratsaldeko 17:00etan hasiko da kanporaketa saioekin eta estatu mailako oilar borroketan oso ezagunak diren izenak bilduko ditu.
Kartelaren buru Sweet Pain izango da, FMS Freestyle Master Series delakoaren — nazioarteko freestyle liga nagusia— egungo erreferenteetako bat. Sevillako raperoa zirkuituko lehiakide ezagunenetakoa bihurtu da, azkartasun mentalean, teknikan eta inprobisatzeko gaitasunean oinarritutako estiloari esker.
Harekin batera, eszena nazionalean hasi berri den Tuko 12 urteko freestyler gazteak ere parte hartuko du, eta baita Jarkok ere, aurreko edizioko parte-hartzaile nabarmenetako bat, Txaltxazelaiko iazko emanaldian izandako harrera jaso ondoren itzuliko dena.
Formatuari dagokionez, ohiko egitura mantenduko da, hau da, buruz buruko borrokak egingo dira, eta parte-hartzaileek inprobisatu egin beharko dute txapelketan zehar planteatutako hainbat oinarri musikal eta gairen gainean.
Jon Iraola alkateak publiko anitzari zuzendutako kultur proposamenak eskaintzearen garrantzia azpimarratu du. “Haki del Rey” bezalako ekitaldiei esker, kultur adierazpide berriak erakusten dira, eta protagonismoa ematen zaie freestyle-an sormena, komunikazio gaitasuna eta aurkariarekiko errespetua garatzeko modua aurkitzen duten artista gazteei. Gainera, halako ekimenek laguntzen dute hiriko espazio publikoak dinamizatzen, urtero erantzun handia duten jarduerekin”.
Bestalde, Kulturako zinegotzi Andoni Zabalak proposamen honen jarraipena eta finkapena azpimarratu du. “Haki del Rey” lehiaren seigarren ediziora iristeak erakusten du gazteen artean badagoela halako kultura-adierazpenekiko interesa. Txaltxazelaiko gune hori talentua eta parte-hartzea uztartzen dituzten jardueretarako espazio irekia izatea nahi dugu”.
Antolakuntzak —zeinak oilar-borroken zirkuitu nazionalari lotutako profesionalen laguntza duen—, espektakulua, parte-hartzea eta elkarbizitza uztartuko dituen ekitaldi bat bultzatzea du helburu.
Udalak eta antolatzaileek herritarrak eta bisitariak animatu nahi dituzte Txaltxazelaira joan daitezen, inprobisazioz eta zuzeneko musikaz gozatzeko.