"Foruak eta Karlistaldiak" hitzaldia Ego Ibarraren Youtube kanalean

2024/04/18

Eibarko La Salle ikastetxeko ikasleei Gotzon Iparragirre Burgoa karlismoan adituak eskaini zien hitzaldia

Fernando VII.a hiltzean, haren alabak (Isabel) eta anaiak (Carlos) Espainiako tronuaren ondorengotza eskubideak aldarrikatu zituzten. Ostera, Iporragirreren iritziz, hura ez zen izan borroka dinastiko hutsa, antzinako erregimenaren eta 1789ko Frantziako Iraultzaren ondoren sortutako erregimen liberalaren arteko talka baizik: monarkia absolutua vs. erregimen parlamentarioa; ekonomia mugatua vs. ekonomia askea…

Testuinguru historikoa ulertzeko, Gotzon Iparragirrek liberalismoaren lehen urratsetara jo zuen, gertaera nagusiak eta haien ondorioak azalduz: Konbentzio Gerra (1793-1795), zeinaren ondorioz Eibarren 117 etxe erre ziren; Napoleonen okupazioa, Independentzia Gerra eta Kadizko Konstituzioa (1808-1813); Hirurteko liberala eta Eibarko bolondresak (1820-1823); lehen karlistaldia, liberalismoaren garaipena eta Bergarako besarkada (1833-1839).

Horren ondoren, Karlistaldien kronologia eta gertakizun nagusiak azaldu zituen ikasleen aurrean, lehen karlistalditik hasi (1833-1839), bigarren karlistaldiarekin jarraitu (1872-1876) eta gerra zibilarekin amaitu arte (1936-39). Tartean, 1846-1869 Kataluniako Guerra dels Matiners edo hango bigarren karlistaldia ere aipatu zuen.

Datu historiko horiek guztiok eman ondoren, Foruen jatorria azaldu zuen, haien jatorria eta erregimen liberalarekiko diferentziak; Foruen eta karlistaldien arteko lotura; zergatik egin zen “Bergarako besarkada” edo Bergarako Hitzarmena “Bakea eta Foruak” lemapean. Eta, azkenik, gaur egun Foruen arrastorik geratzen den eta karlismoaren egoera zein den argitzen saiatu zen.

Hitzaldiaren bideoa YouTuben eta webgune honetan ikusi daiteke.

etiketak: egoibarra