'Ez Dok Fest' musika jaialdia izango da asteburuan Unbeko kirolgunean

'Ez Dok Fest' musika jaialdia izango da asteburuan Unbeko kirolgunean

Jaialdiaren antolatzaileak, Miguel de los Toyos Alkatea eta Kultura batzordeko kideak –Gorka Errasti (EH-Bildu), Josu Mendikute (Eibarko EAJ-PNV) eta Patxi Lejardi, batzordeburua-.

2018/05/30

Ekainaren 1ean eta 2an eskainiko dira kontzertuak. Bi egunetarako sarrerak 49 euroan daude salgai; ostiralerako bakarrik, 25 euroan, eta larunbaterako, 30 euroan.

Asteburu honetan, ekainaren 1ean eta 2an, Unbeko kirolgunean egingo den 'Ez Dok Fest' musika jaialdia aurkeztu dute gaur goizean udaletxean. Bertan izan dira Miguel de los Toyos Alkatea, Kultura batzordeko kideak Gorka Errasti (EH-Bildu), Josu Mendikute (Eibarko EAJ-PNV) eta Patxi Lejardi, batzordeburua– eta jaialdiaren antolatzaileak.

Guztira, 18 talde ezberdin izango dira Unben asteburuan. Ekainaren 1ean, ostiralean, Toundra, Belako, Nerabe, Joseba B. Lenoir, Dead Bronco, Jardin de la Croix, Viva Belgrado eta Vulk taldeen kontzertuez gozatzeko aukera izango dugu.

Bigarren egunean, larunbatean, ekainak 2, Berri Txarrak, Comité Electrico, Doblecapa, Mud Candies, The Soulbreaker Company, Melange, Kokein, Futuro Terror, Biznaga eta Cuchillo de Fuego taldeak izango ditugu gure artean.

Kontzertuak 19:00etatik 03:30era eskainiko dituzte ostiralean eta 17:00etatik 03:30era, gutxi gorabehera, larunbatean.

Sarrerak salgai daude jaialdiaren webgune ofizialean eta Eibarko Ez Dok tabernan; bi egunetarako 49 euroan, ostiralerako, soilik, 25 euroan, eta larunbaterako, berriz, 30 euroan. Hala ere, bai ostiralean bai larunbatean erosi ahal izango dira sarrerak Unbeko parkingean kokatuko den lehiatilan. Bestalde, bi egunetan autobus zerbitzu berezia egongo da, Txaltxa Zelaitik Unberaino eta alderantziz, goizaldeko 04:00ak arte, gutxi gorabehera. Kontzertuetarako sarrera dutenentzat doan izango da zerbitzu hori.

Auto partikularrek debekatuta izango dute Unbe Kirol Konplexura igotzea, ostiraleko arratsaldeko hiruretatik, igande goizera arte. Halaber, ostiralean eta larunbatean ezin izango da aparkatu Ubitxa kalean, 7. eta 23. zenbakien artean. 17. eta 23. zenbakien artean dagoen gunea bertan bizi diren auzotarrak aparkatzeko erreserbatuta izango da.