Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat egingo du Udalak, aurten ere

Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat egingo du Udalak, aurten ere

Euskararen Egunerako kartela.

2019/12/03

Udalak bat egingo du Euskararen Nazioarteko Adierazpen instituzionalarekin. Urtero legez, euskara maite dugula eta Eibarren euskaraz bizi nahi dugula nabarmen uztea da helburua. Eibartarrok sarea egingo dugu Untzaga plazan, 18:00etan, eta, horren ondoren, Eibarko udalbatzak adierazpen instituzionala irakurriko du Euskararen Aldeko Ordenantza berresteko, Pleno Aretoan, 19:00etan.

Gaur asteartea, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da eta Eibarko Udalak ere bat egingo du Eusko Ikaskuntzak 1949. urtean sortu zuen egun berezi horrekin. Duela 21 urte, 1995ean, kanpoko Gizataldeen Lehen Mundu Biltzarrean, Uruguaiko ordezkaritzak biharko eguna berrindartzeko proposamena egin zuen, eta harrezkero, abenduaren 3an ospatzen da Euskararen Nazioarteko Eguna.

Aurten, egun osoko egitaraua izango dugu gurean. “Jostorratz eta haria saretuz herria” izango du goiburu, eta eguneko ekitaldietako batek, bereziki, horrekin izango du zerikusia, eibartarrok hariarekin sare erraldoi bat egingo baitugu Untzaga plazan, 18:00etan.

Aurretik, goizeko 11:00etan hasita, dantzaldia izango da giroa alaitzeko, eta arratsaldeko 15:00etan eta 15:30ean, berriz ere, izango dira dantzaldiak. Beranduago, gaurko egunak merezi duen protagonismoa mantentzeko, kalejira bat egingo da Anbulatorioko parketik abiatuta, 17:15ean; 17:30ean Depor tabernatik pasako da, eta 17:45ean Untzaga plazara helduko da.

Adierazpen instituzionala

Eibartarrok sarea egin ondoren Untzaga plazan, Eibarko udalbatzak adierazpen instituzionala irakurriko du Euskararen Aldeko Ordenantza berresteko Pleno Aretoan, 19:00etan.

2019ko apirilaren 29an egindako Osoko bilkuran onartu zen euskararen ordenantza berria, eta haren helburua da Eibarren euskararen erabilera normala berreskuratzea, baita eibartarren hizkuntza eskubideak bermatzea ere.

Halaber, Eibarren jendaurrean egingo diren jarduera edota ekintzetan informazioa euskaraz eta gaztelaniaz eman beharko dela, bai ahoz, bai idatziz, jasotzen da testu berrituan.

Eibarko Udaleko Euskara Batzordeak, Eibarren AKEBAI plataformak eta Eibarko Euskalgintza taldeak herritar guztiak parte hartzera gonbidatzen ditu gaur egingo diren jardueretan.

etiketak: Eibar, Euskararen Eguna