Euskararen foroa aurkeztu da

Euskararen foroa aurkeztu da

Euskararen foroaren kideak.

2016/10/19

Aurkezpen ekitaldia Portaleako Areto Nagusian izan zen urriaren 18an. Bertan izan ziren foroko kideak: Euskara batzordeburua eta batzordekideak, Euskara teknikaria, planaren dinamizatzailea eta erakunde eta elkarteen ordezkariak.

Eibarko Hiria. Euskararen Plan Estrategikoa 2016-2025 aurrera eramateko, Udalak duen ardura alde batera laga gabe, ezinbestekoa da Eibarko herria osatzen duten herritarrek, elkarteek eta erakundeek konpromiso sendoa hartzea. Horretarako “euskararen foroa” eraiki da. Foroaren aurkezpen ekitaldia urriaren 18an izan zen Portaleko Areto Nagusian. Foro horretan, hemendik aurrera, Eibarren aipatutako plan horrekin neurri batean edo bestean bat egiten duten maila desberdineko kideak bilduko dira, maila pertsonalean edota elkarte edo erakunde baten ordezkari gisa parte har dezaketenak.

Euskararen foro horrek maila desberdineko lan-mahai edota foro teknikoa ere izan dezake, planaren inplementazioaz, jarraipenaz eta doiketaz arduratuko dena.

Eibarko Udalaren nahia da euskarak bizirauteaz gain, izan dezala herritarren eguneroko hizkuntza gisa garatzeko behar besteko tokia eta babesa, biziraupena bizi-indar bilakatu dadin. Horrela, egunen batean euskara Eibarren normaltasunez erabiltzeko aukera izango da, hau da, hala nahi duenak euskaraz erraz eta naturaltasunez bizitzeko aukera izango du.