…eta kitto! astekariak atal berri bat sortu du Ego Ibarra batzordearen “Eibartarren Ahotan” asmotik abiatuta.

Asmo horretan oinarrituta, izen bereko atala estreinatu zuen apirilaren 30ean kaleratutako zenbakian.
Ale horretan, gure herriko taberna-kontuak ekarri ziren gogora, Bartolo Arriola Garate (1912-2012) eta Asunción Larraza Zubiria (1914-2002) eibartarrek herriko euskara ezin ederragoan gai horri buruz kontatutako hainbat pasadizo berreskuratuta.
Hemendik aurrera, hamabostean behin kaleratuko den atal berriak Eibartarren Ahotan erabiliko du oinarri gisa: ahozko funtsa osatzen duten hizlariek elkarrizketetan kontatutako pasarterik interesgarrienak aukeratuko dira, gaiaren arabera bildu eta transkribatuko dira.
Beraz, hurrengoak maiatzaren 15ean eta 29an aterako dira, umetako jolasak eta herriko zine-areto zaharrak hizpide eta mintzagai.
Une latz hauetan, “eta kitto” aldizkariaren “Eibartarren Ahotan” atal honek egiten duen bezala, inoiz baino garrantzia handiagoa du aiton-amonen testigantzak jaso eta lau haizetara hedatzeak.