"Errenta aitorpena, aukeran, euskaraz. Eibarren 1.500 baietz!" kanpaina jarri du abian Eibarko Udalak

2019/03/29
Herritarrak errenta aitorpena euskaraz egitera animatzeko kanpaina jarri du martxan Euskara Batzordeak.

Aurten errenta aitopena euskaraz egiteko gonbidapena egin nahi die Euskara Batzordeak herritarrei, Administrazioarekiko harremanean ere euskararen erabilera bultzatzeko helburuarekin.

Errenta aitorpena, aukeran, euskaraz. Eibarren 1.500 baietz! izeneko kanpaina abiatu du, orain hasi eta ekainaren amaiera arte luzatuko dena. Izenak ondo adierazten duen moduan, kanpainaren helburua 1.500 eibartarrek aurtengo errenta aitorpena euskaraz egin dezaten lortzea da.

Orain arte euskaraz egindako aitorpenak

Iazko ekitaldian 1.209 eibartarrek aukeratu zuten euskara Foru Ogasunarekin harremanak izateko hizkuntza moduan. Horiek errenta aitorpena egin zuten herritarren %9 dira.

Hauek dira kopuruetan, urtez urte, euren errenta aitorpena euskaraz egin duten eibartarrak:

2017        1.209

2016        1.217

2015        1.081

2014        1.028

2013        1.000

Aitorpena euskaraz egiteko moduak:

Gaur egun aitorpena egiteko 3 modu daude, eta guztietan hautatu daiteke euskara

  • Autolikidazio proposamena:

Jasotako proposamena onartzerakoan, euskaraz egin nahi duzula esan eta aurrerantzean Ogasunak agiriak euskaraz bidaliko dizkizu.

  • Mekanizatua:

Hitzordua hartzerakoan, adieraz ezazu Ogasunarekin harremanak euskaraz izan nahi dituzula.

  • Internet bidezkoa:

Errenta programaren euskarazko bertsioa jaitsi Internetetik eta hobetsitako hizkuntza atalean euskara aukeratu

  • Aholkularitzaren batera jotzen baduzu:

Adieraz ezazu aitorpena euskaraz egin nahi duzula.

Aitorpena egiteko egutegia:

  • Autolikidazio proposamena ikustea: 2019ko apirilaren 1etik aurrera
  • Autolikidazio proposamenak onartzea: 2019ko apirilaren 8tik uztailaren 1era
  • Errenta mekanizaturako hitzordua eskatzea: 2019ko apirilaren 12tik ekainaren 8ra
  • Autolikidazio proposamena onartu nahi ez dutenek 2019ko apirilaren 17 arte itxaron beharko dute hitzordua eskatzeko
  • Aitorpenak aurkezteko epea 2019ko apirilaren 15etik uztailaren 1 bitartekoa da

Hitzordua eskatzeko eta argibideetarako:

Telefono bidezko laguntza 902 100 040