eLiburutegia: Euskadiko Liburutegi Digitalak urtebete egin du

2015/12/02

eLiburutegiak 27.438 liburu digital eman ditu maileguan Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarearen erabiltzaileen artean. Katalogoan ia 10.000 liburu digital ditu. Eibar 5. da maileguen kokapen geografikoan (Bilbo, Gasteiz, Donostia eta Getxoren atzetik)

  • Lehen urtebetetzean webgune berrituarekin eta Antton Olariagak diseinatutako irudi berriarekin dator.
  • eLiburutegia Durangoko Azokan egongo da, zerbitzua ezagutzen ez duten erabiltzaile berriei arreta egiteko
  • Euskal Etxeetako bazkideak ere eLiburutegiaren erabiltzaile izango dira aurki

Bere katalogoa ireki zuenetik (2014ko azaroaren 26tik) 12 hilabeteko ibilbidea egin ondoren, Euskadiko Liburutegi Digitalak, eLiburutegiak, 27.438 liburu digital eman ditu maileguan Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko bazkideen artean, eta bere katalogoan 9.268 liburu dituela iritsi da lehen urtebetetzera. Tarte honetan, 9.216 erabiltzaile konektatu dira noizbait plataforma honetara, eta horietatik 7.338 lagunek egin dute maileguren bat online.

Katalogo zabala, arrakastaren gako

Orain urtebete abian jarri zenean, 1.500 liburu inguruko katalogoa zuen eLiburutegiak. 12 hilabeteren buruan, 9.268 liburu digital eskaintzen ditu (8.596 gaztelaniaz eta 582 euskaraz), 180 argitaletxetakoak eta 4.849 idazlerenak. Zifra hau Ministerioaren eBiblio zerbitzua kontratatu duten Estatuko liburutegi publikoen batez bestekotik oso goian dago (2.000 liburu inguru). 2015 amaierarako, eLiburutegiaren erabiltzaileek 10.000 liburuko kopurua gaindituko duen katalogoa izango dute eskura, eta 2016rako berriz, 15.000 liburutara hurbiltzea da helburua.

Erreferentziatarako, nabarmentzekoa da Estatu Batuetako eta Europa Iparraldeko herrialdeetako liburutegi publikoek 10.000 tituluko katalogo digitalak dituztela batez beste. Testuinguru honetan, Eusko Jaurlaritzaren plataforma bakarra da Estatuan nazioarteko batez bestekotik gorako katalogoa izango duena.

Mailegu digitala sustatzeko, ebook-eskaintza zabala izatea da gako nagusienetakoa. Katalogo zabal horrek, era berean, Euskadiko erabiltzaileei zerbitzu ona ere eskaintzen die, mota eta gustu guztietako irakurleek euren intereseko liburuak aurkituko dituztela ziurtatzen baitu horrek.

Irakurketa eta edizio digitalen aldeko apustua

eLiburutegia abian jarri izana, aro digitalean herritar orok kultura eskuragarri izan dezan Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Publikoen Zerbitzua egiten ari den apustu digital irmoaren erakusle da. eLiburutegiaren helburua da, halaber, Euskadin irakurketa digitalari bultzada emango dion akuilu bihurtzea.

Eusko Jaurlaritzak epub formatu digitalean dagoen euskal produkzio guztia eskuratu du, euskaraz nahiz gaztelaniaz (1.300 liburu inguru). Gainera, euskarazko edukien eskaintza handitzeko eta katalogoa aberasteko helburuz, euskaraz formatu digitalean (epub) argitaratzen duten Euskadiko argitaletxeen lanak erosteko konpromisoa hartu zuen Eusko Jaurlaritzak. 

Une honetan, eLiburutegiak eskuratuta dituen lizentzien kopurua 36.000ra iristen da (2015 guztirako ezarritako 25.000 lizentzietatik oso goian). Eskuratutako lizentzia horiek guztiek 720.000 mailegu ahalbidetzen dituzte, lizentzia bakoitzak 20 mailegu egiteko aukera ematen baitu (36.000 lizentzia x 20 mailegu/lizentziako). 

Irudi berria eta webgune berritua      www.eliburutegia.euskadi.eus

eLiburutegiak bigarren urteari webgune berrituarekin eta irudi berriarekin ekin dio. Irudi berria Antton Olariaga ilustratzaileak diseinatua da gainera. Webgune berria, diseinu eta aurkezpen berria izateaz gain, gailu mugikorretan (tablet eta telefono mugikorrak) nabigatzeko egokituta dago, eta erabiltzaileen iradokizun eta iruzkinak jasotzen hasteko prest dago. Berrikuntza horiez gain, irakurritako liburuen gaineko balorazioa egin ahal izango dute irakurleek.

eLiburutegia Durangon

Datorren abendu honetan, hilaren 4tik 8ra, eLiburutegia Durangoko Azokan egongo da. Oraindik zerbitzu hau ezagutzen ez duten udal liburutegietako bazkideek , eLiburutegia erabiltzen hasteko gakoak eskuratu ahal izango dituzte Durangon. Liburutegietan egiten den bezalaxe, eLiburutegiaren standera hurbiltzen den orori bere txartela emango zaio, eta mailegu digitalak egiten hasteko oinarrizko azalpenak eskainiko. Gainera, unean eta lekuan bertan liburu bat deskargatu eta etxera eraman ahal izango du maileguan, bere gailu mugikorrean hartuta, 21 egunean irakurri ahal izateko. Durangaldeko liburutegi publikoetako langileak arduratuko dira zeregin honetaz.

Euskal Etxeetan ere bai

Laster, gainera, eLiburutegia euskal diasporara ere hurbilduko da. Mundu zabalean barreiatutako Euskal Etxeetako bazkideak ere eLiburutegiko erabiltzaile bihurtuko dira aurki, beronen katalogoa eskuragarri izango dute, eta liburuak maileguan hartu ahal izango dituzte. Honela, beste 80.000 erabiltzaile ingururi irekiko zaie eLiburutegia.

Zer da eLiburutegia?

Euskadiko Liburutegi Digitala, eLiburutegia, Eusko Jaurlaritzak sortu eta abian jarritako liburu digitalen mailegurako zerbitzua da. eLiburutegiaren erabiltzaileek aldi berean hiru liburu ere har ditzakete maileguan, eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan. Mailegua 21 egunean irakurtzeko egin daiteke, bi modutan: artxiboaren deskarga eginez (21 egunez irakurtzeko), edo streaming bidez (deskargarik gabe; irakurtzeko unean Interneterako konexioa behar da).

eLiburutegiaren plataforma Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarearen erabiltzaile guztiei irekia dago, egun 700.000 lagun baino gehiago.