Ekitaldiz betetako 54. Euskal Jaia Eibarren maiatzaren 10etik 12ra

2019/05/10

Aurtengo ekitaldirik hunkigarriena Fernando Abanzabalegi zenari eskainiko zaion omenaldia izango da, Euskal Jaiaren alde egin zuen lan eskergatik.

Klub Deportibok antolatzen duen LIV. Euskal Jaia dugu aurtengoa. 2019ko Euskal Jaiaren egitaraua ostiralean hasiko da, Bizikleta plazan haurrentzako jolasekin.  Untzaga plazak Euskal Jaiaren musika-jaialdia hartuko du: Cloverwind, Egurra eta Kitto eta Mugi Panderoa taldeek hartuko dute parte.

Zapatu goizean, baserritaren azoka, artisauak, herri kirolen jaialdia, haurrentzako herri kirolak, bertsolariak, trikitilariak eta beste hainbat ikuskizun izango dira. Arratsaldean, Eibarko musika bandaren kontzertua, eta gauez ohiko kantu-afaria.

Igandean, hilak 12, Urkizutik Untzagaraino kalejira izango da dantzari, gaitero, joaldun, trikitilari eta txistulariekin. Untzagara heldu ondoren, Euskal Jaiaren dantza-emanaldia Iruñeko Duguna eta Eibarko Kezka taldeetako dantzarien eskutik.

Herri bazkaria, erromeria eta Larrain dantzaren ondoren, Fernando Abanzabalegi zenari omenaldi hunkigarri bat eskainiko zaio Klub Deportiboaren egoitzaren aurrean, Euskal Jaiaren alde jardun zuelako bizi guztian, etengabe.

etiketak: egoibarra