Eibarren aniztasuna ikasgai

2020/11/25

Badihardugu Euskara Elkarteak, Eibarren AKEBAIk eta ikastetxeek elkarlanean burututako lana, Eibarko Udalaren babesaz.

Eibarko ikastetxeetako aniztasuna jaso eta ezagutaraztea da “Aniztasuna ikasgai” proiektuaren helburu nagusia, eta, horrenbestez, baita herriko aniztasuna erakustea ere, bata bestearen ispilua delako. Elkarren ezagutza txikia da, eta aniztasun hori ezkutuan dago. Eleaniztasuna ez ezik, aniztasun kulturala eta jatorri aniztasuna ere bistaratu nahi izan dira proiektu honen bitartez.

Horretarako Lehen Hezkuntzako ikasleak eta haien gurasoak elkarrizketatu ditu Badiharduguk: atzerriko hizkuntzak dakizkiten ume euskaldunak eta beren familiak, hainbat jatorritakoak. Hala, hainbat hizkuntza eta kultura ezagutzeko aukera izango dugu. Eta euskarak integrazio hizkuntza gisa duen balioa ere nabarmenduko da. Izan ere, guraso asko seme-alaben bitartez gerturatzen dira euskarara.

Gure ikastetxeetan aniztasuna kudeatzeko modu berriak aurkitzeko premia dago. Gero eta jatorri gehiagoko umeak dauzkagu ikasgeletan. Nahiz eta denok gauden aniztasunaren alde, batzuetan ez da erraza izaten aniztasun hori modu positiboan bizitzea eta ikasleei hori sentiaraztea: hizkuntza eta kultura guztiak direla garrantzitsuak, eta euskalduna izatea ez dagoela jatorriarekin lotuta. Ereduak eta egiteko moduak falta zaizkigu, eta horixe da proiektu honetako helburuetako bat: irakasleei tresna batzuk ematea.

Eibarko LHko zazpi ikastetxeetan egindako elkarrizketak dira proiektu honen oinarria. Testigantza horiekin honako material hau prestatu du Badiharduguk:

  • Bi ikus-entzunezko, luzea eta laburra (21 minutu eta  4 minutu), ikastetxeetan erabiltzeko, eta jasotakoa herrian ezagutarazteko
  • Ahotsak Ikasgelan webgunerako aniztasuna lantzeko material pedagogikoa ikus-entzunezko horiek abiapuntu hartuta. Irakasleen eskura jarriko da.
  • Horrez gain, lekukotasunak katalogatu eta landu dira, eta bideo pasarte guztiak 101 eLe webgunean jarri dira (Euskal Herrian hitz egiten diren hizkuntzak jasotzeko proiektua).

Lan hau epe luzerako baliagarria gertatzea nahi dugu. Jasotako grabazio guztiak erraz aurkitzeko eta erabiltzeko moduan antolatu eta sailkatu dira (hiztunaren arabera, hizkuntzaren arabera eta gaika) webgunean, ikus-entzunezkoez gain, herrika antolatuta egongo diren kalitatezko pasarte solteak bideoz ikusteko aukera ere egongo da. Online jarriko da, beraz,  jaso eta sortutako material guztia, erabilera librearekin, irakasleen eta herritar guztien eskura.

Proiektu honekin lortu nahi diren helburuak hauexek dira:

  • Eibarko hizkuntz aniztasuna eta aberastasuna azaleratzea, bistaratzea.
  • Ikastetxeetan aniztasuna lantzeko materiala sortu eta irakasleen esku jartzea.
  • Elkarren ezagutza bultzatzea: jatorri ezberdineko pertsonak ezagutzea eta ulertzea.
  • Herritarren arteko bizikidetza eta integrazioa sustatzea.
  • Ahozko ondarea jasotzea. Mundu osoko bizitza-historiak, memoria eta ohiturak jasotzea, herrian bertan.
  • Migrazioen fenomenoaren eta arrazoien inguruko gogoeta egitea.
  • Kulturartekotasunaren balio positiboei lotutako sentsibilizazioa egitea.
"Aniztasuna ikasgai" proiektua aurkezteko egin den prentsaurrekoaren irudia.

"Aniztasuna ikasgai" proiektua aurkezteko egin den prentsaurrekoaren irudia.