Eibarren aldarrikatu zen II. Errepublikaren inguruko informazioa Ego Ibarraren webgunean eta Youtuben entzungai, ikusgai eta irakurgai

Alejandro Telleria (1876-1939), Errepublika aldarrikatu zuen alkatea (lehenengoa ezkerretik). Argazkia: Udal Artxiboa

Alejandro Telleria (1876-1939), Errepublika aldarrikatu zuen alkatea (lehenengoa ezkerretik). Argazkia: Udal Artxiboa

2022/04/13

Eibarko Paktu Federaletik hasi, I. Errepublikaren urrats txiki hartatik igaro eta II. Errepublikara iritsi arte. Ezin da ahaztu II. Errepublikak izan zuela bere aurrekaria: 1869ko ekainaren 23an bildu ziren Eibarren Euskal Herriko federaziozale errepublikarrak eta Eibarko Ituna edo Paktu Federala sinatu zuten

Handik urte gutxira, I. Errepublika sortu zen, ozta-ozta urtebete iraungo zuena (1873-74). Orduko itxaropen guztiak 1874an amaitu ziren, Canovas del Castillo politikariak borboiak berrezarri eta Alfontso XII.a tronura eraman zuenean. Gai horren inguruan hemen dauzkagu Itunaren 150. urteurrenaren inguruan egindako ekitaldiak eta publikatu zen testua, baita Unai Belaustegik emandako “Eibarko Paktu Federaletik (1869) Espainiako Bigarren Errepublikaren aldarrikapenera (1931)” hitzaldia ere.

II. Errepublikaren berri izateko, ostera, egun haiek bertatik bertara bizi izan zituztenen testigantzek ez dute parekorik: Candido Egurenen oroitzepenak, Benigno Bascaranen iritziak, Jose Etxeberria “Jose Querido”ren hitzak, Mercedes Telleriaren kantuak, Andres Prietoren bizipenak, Juan Guisasola “Juanito Txoko”, Ofelia de los Toyos, Gloria Lizundia… Asko dira “Eibartarren Ahotan” Errepublikaren sorrera ezagutu zutenen lekukoak, entzutea merezi dutenak. Errepublikaren aldarrikapenaren akta ere jasota dauka Udal Artxiboak bere dokumentuen artean. Eta Jesus Gutiérrez “La insurrección del 24 y la II. República” liburuak ere jorratzen du gaia.

Ahozko testigantzez eta idatzitako dokumentuez gain María Jose Vilaren “La mujer y la República” eta Belaustegiren “Espainiako Bigarren Errepublika eta Gerra Zibila (1931-1937/39)” hitzaldiek ere badute beren garrantzia, “Errepublikaren aldarrikapena”, “Santiago Arizmendiarrieta” eta “Esnatu, esnatu! Errepublika etorri da-ta”, “Alejandro Telleria “Alkate txikixa” (1876-1939)” dokumentalek dakartzaten ikasgaiak ahazteke.

etiketak: egoibarra