Eibarko Udalak Euskaraldiarekin bat egin du hirugarren edizioan
Eibarko Udalak bat egin du Euskaraldiaren hirugarren edizioarekin, ostiral honetan, azaroaren 18an, hasi eta abenduaren 2ra arte iraungo duena.
Euskaraldia hizkuntza ohiturak aldatzeko eta herritarren artean euskararen erabilera sustatzeko ariketa soziala da. Hirugarren edizioa Euskal Herri osoan ospatuko da aldi berean, eta datozen asteetan ahobizi eta belarriprest rolak betetzeko izena eman duten herritarrak izango dira ekimenaren protagonistak.
Edizio berri honetan, hainbat erakundek sortutako Ariguneak ere egongo dira, euskaraz lasai aritzeko guneak.
Eibarren dagoeneko 1.800 pertsona baino gehiagok eman dute izena (1500 ahobizi eta 300 belarriprest), eta gaurtik aurrera, 15 egunez, identifikazio-txapa bat izango dute ikusgai. Era berean, 100 erakunde inguruk eman dute izena ekimenean parte hartzeko.
Eibarko Udalak, bere aldetik, ekitaldia babesteko adierazpena egin zuen hil honetan egindako azken Udalbatzarrean. Hori dela eta, Udal honek eibartarrak Euskaraldian parte hartzera animatu nahi ditu.
Izen-ematea oraindik zabalik dago.