Eibarko Udalak ere Euskaraldiari hasiera eman dio

Eibarko Udalak ere Euskaraldiari hasiera eman dio

Udal langile eta ordezkari politikoak.

2018/11/23

Eibarko Udala osatzen dugun langileok eta ordezkari politikook, azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte, Euskal Herrian egingo den Euskaraldia ekimenarekin bat egin dugu eta hasiera eman diogu. Horrenbestez, erantzukizunez eta eredugarritasunez jokatzeko konpromisoa hartzen dugu. Gure egiteko nagusia izango da Euskaraldiaren markoan eta bereziki udal barrura begira ekimena zabaltzea. Horretarako, ekimen honetan ahalik eta ahobizi, belarriprest eta bihotzgoxo gehien aktibatzeko urratsak egingo ditugu, arduradun politikoak zein langileak izan.

Ahobizi, Belarriprest eta Bihotzgoxo

Ahobiziok euskara ulertzen duten guztiekin euskaraz aritzeko konpromisoa hartzen dugu. Belarriprestok gainerakoak gonbidatuko ditugu gurekin euskaraz egin dezaten, nahiz eta guk euskaraz edo gaztelaniaz erantzun. Bihotzgoxook ez dugu euskara ulertzen, baina gustuko dugu ingurukoak euskaraz aritzea. 

Udalak neurriak hartuko ditu hizkuntza-praktika horiek posible egiteko eta etorkizunean eutsi ahal izateko eta ekimenaren sustatzaile gisa, udal barruan ez ezik, udalerrian ere herritarrak gonbidatzen jarraituko ditu Euskaraldia ekimenean parte har dezaten, eta izena emateko bideak erraztuko ditu.

Euskaraldia, 11 egun euskaraz, azaroaren 23tik abenduaren 3ra

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Topaguneak, beste hainbat eta hainbat eragilerekin elkarlanean, abian jarri dute Euskaraldia ekimena. Gure udalerria ere buru-belarri sartu da, eta ekinbidea burutzeko batzordeak lanean dihardu.

Ekimen horretan 11 egunetan hizkuntza-praktika berri bat gauzatzera gonbidatuko ditugu herritarrak. Ariketa horren subjektuak 16 urtetik gorako helduak izango gara, eta 11 egunez  hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa kolektibo bat egitea da proposamena, indarra ulermenean jarrita.

Ekimenaren helburua hau da, besteak beste: ariketa praktiko horren bidez ikusaraztea eta biziaraztea hizkuntza-ohiturak alda ditzakegula, eta, ahal dela, 11 egun horiek igaro eta gero, hizkuntza-praktika berri horiei eustea.

Erlazionatutako albistea

Euskaraldiaren inguruko adierazpen instituzionala onartu du Udalak