Eibarko Udal Euskaltegiak 35 urte bete ditu

2020/04/02

Eibarko Udalak 1985eko apirilaren 1ean sortu zuen udal euskaltegia HABEren euskaltegi publikoen sarearen barruan. 35 urteko ibilbidea, beraz, eibartarrak euskalduntzen.

Eskola Armeriako gela batzuetan hasi ziren lehenengo taldeak udaberri hartan, baina udazkenean Txantxa Zelaiko Frontoi Zaharreko eskoletara pasatu ziren. 1991n Casa del Pueblora aldatu zen. Bertan egon zen 1996 arte, eta orduz geroztik PORTALEan dago.

Duela 35 urteko udaberri hartan bi irakaslek eta administrariak osatu zuten lan-taldea. Baina 85-86 ikasturtea indartsu hasi zuten sei irakaslek eta administrariak osatzen zuten plantila berriarekin. Urte gutxitan ikasleen demandari erantzun ahal izateko 13 irakasleko klaustro finkoa osatu zen.

1993tik aurrera, Administrazioetan barne erabilera planak martxan jarri zirenean, hainbat irakasle Udaleko Euskara Zerbitzura pasatu ziren teknikari, trebatzaile eta normalizatzaile lanak egitera.

Hiru hamarkada hauetan 8.000 ikasletik gora ibili dira udal euskaltegian: batzuk beren ama-hizkuntza hobetzen; beste batzuk beren formazioa osatzeko euskara ikasten; administrazioko langileak perfilak akreditatzeko ikasten; guraso asko seme-alabei euskalduntzeko bidean laguntzeko..., era eta motibazio askotako ikasleak, eta denei eskaini zaie ahalik eta zerbitzu eraginkorrena, profesional kualifikatuen eskutik betiere.

Sorreran udal euskaltegia Fundazioa izan zen, baina 2013tik Udalaren barnean dago, eta euskara zerbitzuarekin batera Euskara Arloa osatzen du.

35 urtean euskaltegian egindako lana oparoa izan da eta bere emaitzak eman ditu, eta egon ziur garai eta egoera berrietara egokitzeko gaitasuna izango duela, eta urte askoan, orain arte bezala, zerbitzu ona emango diela herritarrei.

Bideo bat prestatu dute zorionak emateko. Ikusi HEMEN

Udal euskaltegia

udal euskaltegia