Eibarko Udala
Juan San Martin Liburutegia

Eibarko Juan San Martin Udal Liburutegiak lupa adimenduna txertatu du bere zerbitzuetan, irakurketarako irisgarritasuna hobetze aldera

2026/02/16
Artxiboko irudia.

Tresna teknologiko bat da, irakurketa errazten diena ikusmen desgaitasuna edota dislexia duten pertsonei. Inklusioarekiko eta berrikuntzarekiko konpromisoa udaleko kultura-zerbitzuetan.

Eibarko  Juan San Martin Liburutegia zerbitzu berri bat eskaintzen hasi berri da, irisgarritasuna eta inklusioa helburu: LUP PRO sakelako lupa adimenduna, ikusmen desgaitasuna, dislexia edo irakurtzeko zailtasunak dituzten erabiltzaileei irakurketa erraztea helburu duen teknologia-baliabidea. Gailu honek aukera ematen du inprimatutako testuak pantaila-argazki bihurtu eta, automatikoki, bi segundo baino gutxiagotan, audio euskarrira pasatzeko. Horrez gain, neurria handitzeko funtzioak eskaintzen ditu (10 aldiz handiago), kontrastea hobetzeko, 30 hizkuntza baino gehiagotan irakurtzeko eta baita beste hizkuntza batzuetatik gaztelerara itzultzeko ere. Gainera, Bluetooth bidezko konexioa du eta bateriaren autonomia handia da. Interneteko konexiotik aparte erabil daitekeenez, erabiltzaileen autonomia errazten du, liburuak, dokumentuak edo bestelako materialak kontsultatzeko orduan.

Hezkuntza-, lan-, eta gizarte- esparru askotan, irakurtzeko zailtasunak dituzten pertsonek parte-hartzeko eta autonomia izateko oztopoak edukitzen dituzte, eta horrek mendekotasuna sortzen du, eta, zenbaitetan, baita gizarte-isolamendua ere. Juan San Martin Liburutegian antzeman zen erabiltzaile batzuek premia bereziak zituztela, eta, ezin zitzaiela erantzunik eman orain arteko baliabideekin, esaterako, audioliburu edo letra handiko liburuekin. LU PRO luparen bidez, Liburutegiak kalitate handiko laguntza teknologikoa bermatu nahi du, pertsona horiek, inoren laguntzarik gabe, testu inprimatuak eta digitalak irakur ditzaten, bestela eskuratu ezingo lituzketen edukietara sarbidea izan dezaten, eta, era berean,  hezkuntza- eta lan-integrazioa erraztu, ikusmen-nekea eta neke psikologikoa murriztu, eta pedagogia- eta prestakuntza-prozesuak optimizatu ditzaten tresna inklusiboen bidez.

Jon Iraola Eibarko alkateak zera nabarmendu du: “Kultura eta ezagutza pertsona guztientzat izan behar dira irisgarriak. Lupa adimenduna eskuratu izana urrats bat gehiago da Eibar hiri inklusiboago izan dadin, horrela irakurketa gehien behar dutenengana gerturatzea lortzen baita. Andoni Zabala Kultura zinegotziak nabarmendu duenez, “gailu honek irisgarritasuna hobetzeaz gain, aukera berriak ematen ditu gure funts bibliografikoez gozatzeko. Gure asmoa da Liburutegia espazio bat izatea, zeinean aniztasunak ahalbidetuko duen  berritzea eta kultura-esperientzia aberasgarriak sortzea". 

Gailua liburutegian egongo da erabiltzeko eskuragarri, eta bertako langileek informazioa  eta laguntza emango diete erabili nahi dutenei. LUP PRO gailuan egindako inbertsioa 849,99 €-koa (BEZa barne) izan da, eta epe ertain eta luzerako konponbide aurreratu eta iraunkorra bermatzen du, premia ugari ase ez ezik, gailu asko eskuratu behar ez  izatea ere lortzen baita. Ekimen honen bidez, Juan San Martin Liburutegiak bere konpromisoa indartzen du inklusioarekin, aukera-berdintasunarekin eta kulturara eta ezagutzara iristeko dauden oztopoak gainditzearekin, eta berrikuntza- eta irisgarritasun-erreferente gisa kontsolidatzen da.