Eibarko Juan San Martin Liburutegiak gaztelaniaz idatzitako ehun bat ipuin eta liburu bidaliko ditu Hondurasera

2018/04/23

ULMA Taldea, Hondurasko ACOES GKEarekin elkarlanean, eskolarako testu liburuak biltzen ari da, literatura oro har, aldizkari zientifiko eta teknikoak, eleberriak, haurrentzako ipuinak, entziklopediak, hiztegiak eta abar, maiatzean Hondurasera bidaltzeko. Hori jakin ostean, Eibarko udal liburutegiak liburu, DVD eta disko batzuk dohaintzan ematea erabaki du. ULMA Taldearen helburuarekin bat egiten du horrela; haurren eta adin orotako herritarren artean irakurzaletasuna sustatzeko helburuarekin, alegia.

Gai ezberdinetako ehun bat argitalpen bidaliko dira: literatura unibertsaleko klasikoen eleberriak, arte entziklopediak, gizateriaren ondarea jasotzen duten obrak, haur eta gazte literatura, filmak eta musika klasikoko diskoak.

Liburutegiak dohaintzan emandako material hau aurrez liburutegiak berak dohaintzan jasotakoa da; zenbait arrazoi tarteko eta dohaintzen kasuan daukagun protokoloa jarraituz, material hori ez zegoen gure bildumara gehituta.