Eibarko industria-eraikinak plazaratzeko plataforma prest

2020/03/27

Eibarko ondare historikoaren zati handi bat jasoko duen datu-basea eta plataforma prest ditu Ego Ibarrak, ahalik eta azkarren eibartar guztien esku uzteko. Hementxe duzue aurrerapen txiki bat.

Azkenaldian sarri aipatu izan dugu albistegi honetan (2014, 2015, 2016, 2018, 2019) Ego Ibarra Batzordea egiten ari den proiektu hau: Eibarko eraikin industrialen katalogazioa eta azterketa.

Lau urteko ikerketa lana izan da eta, behin landa-lana amaituta, proiektua azkenengo fasean sartu da. Orain arte jasotako material guztia datu-base batean antolatu da, eta webgune batean erakutsiko dugu, Egoibarra.eus webgune honen magalean.

Eibarko ondare historikoaren aplikazioa - Ondare industriala

Webgune berri horren oinarriak bi izango dira. Batetik, eraikin industrialen fitxak izango ditu, ikerketa-proiektu honetan zehar jasotako informazio guztia bilduko dutenak: eraikinen deskribapenak, informazio historikoa, planoak, argazkiak (zaharrak eta berriak), artxiboko dokumentuak (osorik, eskanetatuta), fitxa teknikoa, kokapenaeta abar. Eibarko eraikin industrialen inguruko informazio sakon eta aberatsa lortu dugu lan honetan eta eduki guztia herritarren esku jarriko da webgune berrian.

Eibarko ondare historikoaren aplikazioa - Trust Eibarres fitxa

Bestalde, webgunearen bigarren oinarria mapa historikoak izango dira. Garai ezberdinetako 4 mapa historiko eskaneatu ditugu, lau hamarkada ezberdinetakoak (1890, 1920, 1930 eta 1950), eta herritarrek mapa horietan barrena nabigatzeko aukera izango dute, garai bateko kale eta eraikinak non zeuden jakiteko, eta gaur egungo kokapena zein izango litzatekeen ezagutzeko. Denboran zehar bidaiatzeko aukera emango digu, orain dela 50, 80 edo 120 urteko Eibar nolakoa zen ezagutzeko.

Eibarko ondare historikoaren aplikazioa - Mapak

Eraikin industrialen datu tekniko eta historiko guztiez gain, webguneak beste hainbat gauza erakusteko aukera emango digu, besteak beste, argazki-funtsetako irudiak edota Eibartarren Ahotan proiekturako jasotako elkarrizketen lekukotasunak bideo formatuan.
Dena ere denboran eta espazioan kokatuta, ardatz kronologikoan eta espazialean, lekukotasunek behar duten testuinguru historikoan, informazioa ahalik eta aberasgarriena izan dadin.

Azken batean, gure herriko historia eta ondarea ezagutzeko aukera paregabea eskainiko digu erreminta berriak, Ego Ibarra batzordeak bere sorreratik dituen asmo eta helburuei jarraituz. Gainera, lehenengo fase honetan eraikin industrialak gehitu dira datu-basera, baina hurrengo urratsetan beste eraikin batzuk ere gehituko dira erremintara, besteak beste, eraikin erligiosoak eta zibilak. Esate baterako, 2020an bertan, Eibarko ermiten fitxak ere gehituko dira, datu historikoekin eta informatzaile nagusiei bideoz egindako grabazioen lekukotasunekin.

Eibarko ondare historikoaren aplikazioa - Gabilondo kanpoko argazkiak

Eibarko ondare historikoaren aplikazioa - Fitxa teknikoa

Eibarko ondare historikoaren aplikazioa - Aurrera planoa

Eibarko ondare historikoaren aplikazioa - Gabilondo argazki zaharrak

 

Eibarko eraikinen datu-basea eta webgunea prest daude

Eibarko eraikinen datu-basea eta webgunea prest daude

etiketak: egoibarra