Eibarko Antzerki Jardunaldien 44. edizioa otsailaren 9tik martxoaren 23ra izango da

Eibarko Antzerki Jardunaldien 44. edizioaren aurkezpena.

Eibarko Antzerki Jardunaldien 44. edizioaren aurkezpena.

2021/01/27

44 urtean lehen aldiz, eta osasun-krisiaren ondorioz, aurten ez da antzezpenik egingo Unibertsitate Laboraleko Hezkuntza Esparruko antzokian. Portalean egingo den lan bat izan ezik, gainerako emanaldiak Coliseo Antzokian izango dira. Komedia, drama, umorea, dantza eta musikako ikuskizunek osatuko dute aurtengo edizioa. "Esperando a Godot" Samuel Becketten tragikomedia bat edo "Kutsidazu bidea Ixabel" Demode Produkzioak-en eskutik, jardunaldien edizio berrian ikusi ahal izango diren lan garrantzitsuenetako batzuk baino ez dira.

Datorren otsailaren 9an inauguratuko da Eibarko Antzerki Jardunaldien 44. edizioa, 2021eko martxoaren 23ra arte luzatuko dena. Aurten, Covid-19ak sortutako pandemiaren egungo egoera dela eta, funtzio guztiak Coliseo Antzokian egingo dira, Unibertsitate laboraleko Hezkuntza Esparruko areto nagusia hezkuntza-gela gisa erabiltzen ari baita.

Aurtengo edizioak 160.000 eurotik gorako aurrekontua du, eta gaur, urtarrilak 27, aurkeztu dute Miguel de los Toyos alkateak, Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak, Maria Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendariak eta Narruzko Zezen antzerki taldeko ordezkariek.

Jardunaldien hasierako hitzaldiak izen handiko profesionalak ekarriko ditu aurten. Otsailaren 9an, 19:00etan, David Barbero, Roberto Herrero eta Pedro Barea kazetari eta antzerki kritikariak, Ane Gabarain aktorea eta Fernando Bernúes zuzendaria izango dira Coliseoan. Guztiek antzerki munduarekin duten harremana eta esperientziak kontatuko dituzte, Eibarko Antzerki Jardunaldien sortzaileetako bat den Juan Ortegarekin batera. Bestalde, Erika Rodriguez Horrillo Narruzko Zezen antzerki taldeko kidea izango da aurkezlea.

Hitzaldi-solasaldiaren ondorengo bi egunetan, hau da, otsailaren 10ean eta 11n, Samuel Becketten "Esperando a Godot" antzezlana aurkeztuko da, Pepe Viyuela, Alberto Jiménez, Juan Díaz, Fernando Albizu eta Jesús Lavi aktoreak protagonista dituen tragikomedia. Bi egunetan, emanaldia 18:45ean hasiko da. Antolatzaileen hitzetan, "Ikuslearengana iristeko beharrezkoak diren indarra, umorea, poesia, samurtasuna, mina eta barrea biltzen dituen lana da".

"Kutsidazu bidea Ixabel" izango da aurtengo beste proposamen nagusietako bat, Demode Produkzioak-en eskutik eta Patxi Barcoren zuzendaritzapean. Euskaraz eskainiko den komedia musikala otsailaren 12an eta 13an izango da, 19:00etan, eta Xanti Korkostegi, Maria Redondo, Ainhoa Aierbe, Inazio Tolosa, Karlos Nguema, Iker Huitzi, Joli Pascualena eta Santi Romano aktoreek hartuko dute parte.

Aurtengo edizioan ikusi ahal izango diren gainerako lanak honako hauek dira: Real Book Vol.1 (Loyola Garmendia eta Iñaki Salvadorren komedia musikala); Caballo/Dostoyevski (Teatro Haceria); El Coronel no tiene quien le escriba (Okapi Producciones); La isla (Juan Carlos Rubioren drama), Histrión Teatrorena; Lurrun minez (Galder Perezen drama), Lurrun Minez konpainiarena; Los hijos (Lucy Kirkwooden drama), Producciones Teatrales Contemporáneas konpainiarena; Alpha (Gorka Ganso eta Cecilia Paganiniren komedia), Ganso & Cía taldearena; Ameriketako bidaia (Patxo Telleriaren tragikomedia), Tanttaka Teatroa konpainiarena; Lloviendo Ranas (Garbi Losada, Mikel Bernues eta Jose Antonio Vitoriaren drama), Ados Teatroa taldearena; Mi último baile, (Pabellón 6 Gazte Konpainia); Atzerrian lurra garratz (Huts Teatroa-Artedrama); Vidas enterradas (Teatro Corsario, L 'om-Imprebís, Micomicón eta Teatro del Temple); Italino Grand Hotel (Companyia La Tal); Ez Dok Ero (Tartean Teatroa); Proyecto Fausto (Delirium Teatro); Tempus Fugit (Lamov Cía De Danza); eta Don Quijote Somos Todos (Teatro del Temple).

Bestalde, Lekim Animazioak antzerki jardunaldien berri emango du Eibarko kaleetan.

Aldez aurreko salmenta Coliseoan

Era berean, gogorarazi behar da nahitaezkoa izango dela aldez aurretik hitzordua izatea sarrerak erosteko Coliseo antzokiko leihatilan.

Gaur, urtarrilak 27, asteazkena, eta bihar, urtarrilak 28, arratsaldeko 17:30etik 19:30era bitartean Coliseo Antzokian banatuko dira hitzorduak.

Aldez aurretik hitzordua eskatuta, urtarrilaren 30ean eta 31n eta otsailaren 1ean antzezlanen sarrerak erosi ahal izango dira aukeratutako ordutegian.

Bestalde, online erosketak urtarrilaren 30etik aurrera egin ahal izango dira, 10: 00etatik aurrera, www.kutxabank.es webgunearen bidez.

Halaber, sarrerak emanaldi bakoitza baino ordubete lehenago erosi ahal izango dira Coliseo antzokiko leihatilan bertan.

Deskontuak

Deskontu hauek aplikatuko dira:

  • Coliseoaren Laguna txartela dutenek, 5 eurotik gorako prezioetarako: tarifa arrunta, 15 euro (Coliseoaren Laguna txartelarekin 10,50 euro) eta 12 euro (8,50 euro Coliseoaren Laguna txartelarekin).

  • Coliseoaren laguna txartela egiaztatu beharko da ikuskizunetara sartzeko

>>> Eibarko Antzerki Jardunaldien 44. edizioaren programazioa