Eibarko Udala
dantza

Eibar dantzan murgilduko da bere talentuaren erritmoan, apirilaren 24an

2026/04/21
Programaren aurkezpeneko irudia.
Programaren aurkezpeneko irudia.

Herriko akademiak eta eskolak kalera aterako dira, herrian dagoen aberastasuna eta estiloen aniztasuna erakustea helburu. Erakustaldiei amaiera emateko, erromeria herrikoia egingo da Begi Bide taldearen eskutik.

Eibar musikaz, mugimenduz eta adierazpen artistikoz betetzeko prestatzen ari da, apirilaren 29an ospatuko den Dantzaren Nazioarteko Eguna dela-eta. Aurten, Udalak, herriko dantza-akademia eta -eskolekin elkarlanean, jardunaldi berezi bat antolatu du, apirilaren 24an (ostirala), erakustaldiak eta jendearentzako jarduera irekiak izango dituena.

Programaren aurkezpenean izan dira Eibarko alkate Jon Iraola, Kultura zinegotzi Andoni Zabala eta parte hartuko duten taldeetako ordezkariak, besteak beste, Jokin Hazas (Kezka Dantza Taldea), Marta Prol (KAXA), Ibone Garcia (KOA Dantza), Estitxu (Pagatxa), Jubilatuak, Aire Andaluz eta Estidantzako ordezkariak, Ivan Rodríguez (Kubatzari), Pilar (Ballet Eibarrés) eta Jakobe Urzainki (Eibarko Dantza Eskola), Eibarko dantzaren ehunaren indarra, aniztasuna eta konpromisoa islatzen duen ekimen hau posible egiten duten pertsonen eta kolektiboen ordezkari gisa.

Ekimenaren helburua da dantza herritarrei hurbiltzea eta herriko kolektiboek urtean zehar egiten duten lanari balioa ematea. Izan ere, talde horien ezaugarria da estiloen aberastasuna eta aniztasuna, baita prestakuntza, sorkuntza, interpretazioa, sustapena eta kultur ekintzailetza bezalako esparruetan egiten duten lan garrantzitsua ere.

Egunean zehar, adin guztietako dantzariek interpretatutako koreografiak izango dira herriko hainbat puntutan, eta Eibarko kultura-ehunaren dinamismoa islatzen duen mosaiko anitza eskainiko da. Besteak beste, Ballet eibarrés, Kaxak, Nele Dantzak, Kezka Dantza Taldeak, Eva Akademiak, Untzaga Zentro Sozialak, KOAk, Pagatxak eta Beheko Tokiak hartuko dute parte erakustaldietan.  Kokapenen artean daude Ipurua, Urkizu, Legarre, Errebal eta Untzaga. Ekitaldia 17:30etan hasiko da Ipuruan eta Urkizun; 18:00etan Legarre eta Errebalen, eta 18:40ean Untzagan elkartuko dira talde guztiak.

Jon Iraola Eibarko alkateak hitzordu honen garrantzia azpimarratu du: “Dantza adierazpide kultural bat da,  belaunaldiak batzen dituena, balioak transmititzen dituena eta Eibarren oinarri sendoa duena, gure akademia eta kolektiboen etengabeko lanari esker. Jardunaldi hau aukera bat da ahalegin hori aitortzeko eta herritar guztiekin partekatzeko”.

Bestalde, Andoni Zabala Kultura zinegotziak ekitaldiaren izaera parte-hartzailea nabarmendu du: “Ospakizun irekia izatea nahi izan dugu, jendeak dantza ikusteaz gain, sentitu eta bizi ahal izan dezan, bertatik bertara. Eibarrek talentua du, eta baita pasioa ere, eta hori emanaldi guztietan nabarituko da”.

Erakustaldien ondoren, Begi Bide taldeak girotutako herri-erromeriarekin amaituko da dantza protagonista izango duen jai-eguna.