Eibar BHI ikastetxeko ikasleak Arraten

2022/05/27

DBH 2ko ikasleek egun osoko jarduerak izan dituzte Arraten, Eibarko Udalaren babesarekin.

Apirila-maiatza bitartean Eibar BHI ikastetxeko DBH 2. mailako 9 geletako ikasleek aukera izan dute egun batez ikastetxetik irten, eta naturaz inguraturik ezohiko jarduerak egiteko. Helburua: ikastetxetik kanpo euskaraz gozatzea, daukagun inguru natural paregabea ezagutzea eta talde kohesioa lantzea.

Apirilaren 26tik maiatzaren 26ra bitartean, gelaka joan dira ikasleak Arratera, irakasleen eta Astixako begiraleen gidaritzapean. Astixako begiraleek dinamizatu eta koordinatu dituzte jarduerak. Ahal izan den guztietan kanpoan egin dira dinamikak, Arrateko zelaian eta inguruetan; eguraldiak eragotzi duen egunetan Aterpetxean egin dira. Talde gehienek Arratera igo eta bertatik jaitsi oinez egin dute, baina eguraldi txarra izan den egunetan autobusa jarri zaie.  

10:00etatik 16:30era bitartean hainbat jarduera izan dituzte: Aterpetxean Gerra Zibileko Eibarko Frontearen Interpretazio Zentroa ikusi eta gidaren azalpenak entzun; txorien joan-etorriak behatu Eibar BHI ikastetxeak jarritako habietan; "Bertso-jasa" saioak Hankamotxak Bertso Eskolako bertsolariek eskainiak; ingurua ezagutzeko lanketak (landare eta zuhaitzak, Eibarko baserri-auzoak, toponimia, Arrateko eliza eta irratia...), irratsaioak, herri kirolak eta bestelako talde-dinamikak, Astixak bideratuak.