Eibar BHI ikastetxeko ikasleak Arrateko aterpetxean izan dira

Arraten egiteko antolatutako jardueren artean "Bertso-jasa" emanaldiak izan zituzten ikasleek.

Eibar BHI ikastetxeko ikasleak Arraten.

2020/12/07

DBH 2ko ikasleek egun osoko jarduerak izan dituzte Arraten, Eibarko Udalaren babesarekin.

Udazken honetan Eibar BHI ikastetxeko DBH 2. mailako 10 geletako ikasleek aukera izan dute egun batez ikastetxetik irten, eta naturaz inguraturik ezohiko jarduerak egiteko. Helburua: ikastetxetik kanpo, naturan, euskaraz gozatzea eta talde kohesioa lantzea.

Egoerak eskatzen dituen segurtasun neurri guztiak hartuta, urria-azaroa bitartean, gelaka joan dira ikasleak Arratera, irakasleen eta Astixako begiraleen gidaritzapean. Astixako begiraleek dinamizatu eta koordinatu dituzte jarduerak. Ahal izan den guztietan kanpoan egin dira dinamikak, Arrateko zelaian eta inguruetan; eguraldiak eragotzi duen egunetan Aterpetxean egin dira. Talde gehienek Arratera igo eta bertatik jaitsi oinez egin dute, baina eguraldi txarra izan den egunetan autobusa jarri zaie.  

10:00etatik 16:00etara bitartean hainbat jarduera izan dituzte: Aterpetxean Gerra Zibileko Eibarko Frontearen Interpretazio Zentroa ikusi eta gidaren azalpenak entzun; "Bertso-jasa" saioak Bertsozale Elkarteko bertsolari gazteek eskainiak; ingurua ezagutzeko lanketak (landare eta zuhaitzak, Eibarko baserri-auzoak, toponimia...), irratsaioak eta bestelako talde-dinamikak Astixak bideratuak;...

Esperientzia polita, alarma-egoera honetan.