Datorren astean hasiko dira "Jira bueltan" jolas tailerrak

2021/02/12

Eibarko Udaleko Euskara Zerbitzuak HHko zortzi ikastetxeetan jangelan bazkaltzen gelditzen diren 5 urteko umeei eta beraien jantokiko hezitzaileei zuzendutako saioak antolatu ditu.

 Astelehenean hasita martxora bitartean, Eibarko Haur Hezkuntzako zortzi ikastetxeetan Badihardugu elkarteak prestatutako "Jira bueltan" bilduman jasotako kantak eta jolasak landuko dituzte Astixako begiraleek jangeletako hezitzaileekin eta bazkaltzen gelditzen diren 5 urteko umeekin. Guztira 200 umek hartuko dute parte taldeka, 12:15etatik 14:00etarako tartean, bazkalaurrean edo bazkalostean. 18 talde izango dira, eta bakoitzak 45 minutuko bi saio izango ditu jolasak ikasi eta praktikan jartzeko. 

Tailer hauek helburu bikoitza dute; alde batetik, ikastetxeetako gune informaletan (patioa, jangela…) ikasleen arteko euskararen erabilera sustatzea, eta bestetik, gure aurreko belaunaldiei jasotako kanta eta jolasak berreskuratu eta biziberritzea.

Helburu horiek Euskararen Plan Estrategikoan jasotakoak dira. 

 Jangelako hezitzaileek eta umeek ikasiko dituzten jolasak honako hauek dira: "Don don kikilikon", "Zapiaren jolasa" , "Potxoloka", "Punta ala buru", "Kukurruku", "Txingorrean" eta "Kiskilla-miskilla"