Covid-19ak errotik moztu du Itzulia: tantan txiki bat baino ez gaitzak ekarri duen min sendaezinen eta kalte itzalen uholdean

2020/04/03

Apirilaren 6tik 11ra bitartean zen egitekoa Itzuliaren hirurogeigarren edizioa, Eibar-Arrate etaparekin hastekoa zena.

Aurten, 60. urteurrena beteko zukeen Itzuliak, Covid-19aren pandemia mundu osoan hain modu erasokor eta zitalean agertu izan ez balitz. Euskal Herriko Itzulia 1924an jaio zen,  Bilboko Excelsior kirol-egunkariak antolatuta. Txirrindularitza-proba honek etenaldi ugari izan ditu  historian zehar, makina bat aldiz aldatu du izena eta antolatzaile asko ezagutu ditu.

1924ko lehen edizio hartako irabazlea Automoto taldeko Francis Pelissier izan zen, abuztuaren 7tik 10era bitartean Iruñean, Donostian eta Bilbon egin ziren hiru etapak bete ondoren.

Hasierako sasoi hartako azken edizioa 1935. urteko VIII.a izan zen, Gino Bartali mitikoak irabazi zuena (PDF). Ondoren, gerra zibila etorri zen eta lasterketa leize sakon batean sartu zen, Eibarrek berez zuen txirrindularitzarekiko zaletasuna, eta zaletasun horri esker jarri zuen abian egun bakarreko proba, Arraterako igoera, 1941ean hasi eta 1989ra arte iritsi zena. Ia paraleloan, baina urte batzuetako atzerapenarekin, 1952an,  Eibarko Txirrindulari Elkarteak  Euskal Herriko Itzulia izena eman ezin zitzaion egun batzuetako lasterketa jarri zuten martxan, historiarako Eibarko Bizikleta izena utzi duena. 1969an, jada ezaguna eta ospe handikoa zen Eibarko  XVIII. Bicicleta Eibarresa probari, IX. Euskal Herriko Itzulia jarri zitzaion, La Voz de España egunkariaren babesarekin. Urte hartan, Jacques Anquetil frantziarrak irabazi zuen.

Antolatzaile gehienak eibartarrak zituen lasterketak formatu horrekin jarraitu zuen 1973 urtera arte; Luis Ocaña txirrindulariak irabazi zuen urte hartan. 1974an, probaren ardura osoa La Voz de Españaren gain geratu zen 1980ra arte. Urte horretan, La Voz desagertu egin zen eta Diario Vasco egunkariak hartu zuen antolaketa bere gain.

Urte horretatik aurrera, Eibarko txirrindularitzak Arrateko igoerari eutsi zion, eta, antolakuntzari buruzko gorabehera batzuk zirela-eta, 1981ean, CDE-CCE (Klub Deportiboa eta Klub Ziklista) batzorde misto bat sustatu zen Eibarko Klub Deportibotik, 1991n Euskal Bizikleta izenarekin bataiatu zen etapa askoko lasterketa abian jarri zuena.

Bai Euskal Herriko Itzuliak bai Euskal Bizikletak (PDF) bide paraleloak eta arrakastatsuak egin zituzten, harik eta industria- eta finantza-krisiak proba bien antolatzaileak ito zituen arte. 2009an, bi lasterketa horiek bateratzeko aukera aztertu eta bat egitea erabaki zuten, bestela ez baitzegoen laguntza publikorik, ezinbestekoak irabazi asmorik gabeko erakunde guztiz zaletu horientzat. 2009ko gertakizun horrek —elkartu beharra— 1969ko kontu hura ekarri zuen gogora.

Bat-egite horretan, Euskal Herriko Itzulia izenari eutsi zitzaion lasterketa berrirako, denboran zehar eta historian zehar ospe eta izen handieneko proba zelako; horrela desagertu zen Euskal Bizikleta izena eta lasterketa, txirrindulari guztiek estimu handian zutena. Izen hori izan zuen  2018ra arte, eta urte horretan Itzulia Basque Country izenarekin birbataiatu zuten.

Eibarko antolatzaileek sine die atzeratu dute proba, eta 2021eko edizioa apirilaren 5etik 10era egingo dutela iragarri dute.

2020ko edizioaren kartela

2020ko edizioaren kartela

etiketak: egoibarra