Eibarko Udala
egoibarra

Bihar, abenduak 2, Euskararen Egunaren harira, ekitaldi berezi bat egingo da udaletxean arratsaldeko 18:00etan. Euskararen aldeko adierazpen bat irakurriko da eta Eibarko ermitei buruzko dokumentala ikusi ahal izango da.

2021/12/01
Jaunhartzea Maltzagako San Rafael ermitan. Argazkia: Murgoitio familia.
Ekitaldian, halaber, euskara-plana egin duten hainbat kirol-taldek parte hartuko dute. Streaming bidez jarraitu ahal izango da etxetik.

Euskararen Egunaren bezpera dela-eta, alkateak, Udal Taldeetako bozeramaleek eta hainbat herritarrek euskararen aldeko agiri bat irakurriko dute udaletxeko Batzartokian. Ondoren, Eibarko euskaran jasotako ahozko testigantzetan oinarritutako dokumental bat ikusi ahal izango da. Ikus-entzutezkoak gure herriko ermiten historia, ohiturak, errituak eta usadio zaharrak ezagutzeko aukera emango digu, hain gertukoa eta aldi berean hain ezezaguna den historia.  Ermitok ondo ezagutu eta zaindu dituztenek kontatuko dizkigute aspaldiko ohiturak eta errituak. Badihardugu elkarteak Ahotan-erako egindako elkarrizketei zor diegu ezagutza zahar hori, Eibarko euskararen doinuz eta kolorez jantzia.

Bestalde, gure umeak eta gazteak kirolean aritzeko orduan euskara erabil dezaten, euskara-plana egin duten Eibarko kirol taldeen lana aitortzeko parada izango dugu. Izan ere, euskararen erabilera indartzearren, Eibarko hamar kirol klubek egin dute euskara-plana 2021/2022 denboraldirako, eta ardatza euren eguneroko jardunean jarri dute. Hauxek dira euskara-plana egin duten taldeak: Eibar Eskubaloia, Eibar Rugby taldea, Eibartarrak FT, Eibar Igerixan kirol kluba, Club Gimnasia Ritmica Ipurua, Kalamua Judo Kluba, Klub Deportiboa, JAZ Eibar triatloi taldea eta Urbat urpolo taldea.

Euskararen aldeko agiria irakurriko dute bai alkateak, bai Udal Taldeetako bozeramaleek, bai dokumentalean aritu diren herritarrek, bai kirol-klubetako ordezkariek. Ekitaldia Batzartokian izango da arratsaldeko 18:00etan.

Egoera dela-eta, streaming bidez jarraitzeko aukera egongo da, esteka honetan.