Betikoa, gertukoa. #EibarrenBadakagu, Euskeraz Primeran!

2021/01/22

Bertoko hizkuntza eta merkataritza bultzatzeko asmoz, “#EibarrenBadakagu, Euskeraz Primeran!” kanpaina berrabiarazi du …eta kitto! Euskara Elkarteak Eibarko Udalaren babesarekin.

Bizi dugun egoerak erakutsi digu gero eta garrantzitsuagoa dela “bertoko” ikuspegiarekin jokatzea. Horregatik, bertoko hizkuntza eta merkataritza aldarrikatzea du helburu #EibarrenBadakagu, Euskeraz Primeran!” kanpainak. Herritar guztiak animatu nahi ditu ...eta kitto! Euskara Elkarteak erosketetan ere euskara erabiltzera eta bertako dendetan erostera. Horretan laguntzeko elikagaien posterrak banatu dituzte herriko dendetan, bezeroek argi ikusteko jakien izenak euskaraz nola esaten diren. 

Tabernetarako eskuliburua ere prestatu dute euskara elkartekoek, ostalaritzan ere euskararen erabilera bultzatzeko.

Bestalde, helburu berarekin jarri da martxan "Betikoa. Gertukoa. Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz" kanpaina. Eusko Jaurlaritzak merkataritzan euskararen erabilera bultzatzeko abiatu duen kanpaina honen gakoa gertukoak ematen digun konfiantza da; garena izateko aukera. Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz. Betikoa, gertukoa. HEMEN zabalkunderako spota.

Eibarko Udalak ere Eibarko Merkataritza Gune Irekiarekin lankidetzan "NIk Eibarren erosten dot" kanpaina jarri zuen martxan, herriko merkataritza eta ostalaritza bultzatzeko.

Garbi dago guztion esku dagoela Eibarren merkataritza/ostalaritza eta euskara bultzatzea.