Beharraren memoria: 2019an, herriko historiaren eta ondo egindako beharraren inguruko testigantza eder askoak jaso dira

2020/01/16
Miren Arriaga Leniz (El Reno), Alberto Atxa González (Probaderoa), Felisa Solozabal Arriaga (Cil), Mª Dolores Garate (El Casco), Gaspar Arizaga (Gaspar Arizaga), Jesus Mª Aguirre (Helmotz), Jose Antonio Laskurain (RAC).

Miren Arriaga Leniz Eibarren jaio zen 1921ean; umetan, Jardiñetako eskolan egin zituen ikasketak. II. Errepublika eta 1934. urteko iraultza biziki gogoan ditu. Gerraostean Eibarrera bueltatu eta administrazio ikasketak egin zituen. El Reno eskopeta-tailerraren ofizinan hartu zutenean 23 urte zituen eta han jardun zuen erretiroa hartu arte. Lanketa-prozesuak eta lan-baldintzak ditu hizpide. Mercedes Kareagarekin batera, Eibarko Goi Argi emakume Elkarteko fundatzaileetako bat izan zen.

Jose Antonio González 1931n jaio zen, Isasi kalean. Gerran, Frantziara bidali zuten arrebarekin; eta, bueltatu zirenenan, familia Ermura joan zen bizi izatera. Urte askoan egin zuten lan biek Eibarko arma-probalekuan, Espainiako su-arma guztiak probatzen ziren tokian. Gaur egun, arma probalekua Azitaingo industrialdean dago.

1923an jaio zen Felisa Solozabal Arriaga. Aita gazterik hil zitzaionez, amak, bizimodua aurrera ateratzeko, apopiloak izaten zituen etxean. Hamabost urterekin neskame joan zen eta 18 urte bete orduko, berriz, Cil bizikleta lantegian hasi zen lanean. Bizikletak fileteatzea zen bere egitekoa. Han jardun zuen lanean, ezkondu arte.

Dolores Garate Fernández 1929an jaio zen Eibarren eta herriko hainbat konturi buruzko gorabeherez gain, lanaren inguruko datu esanguratsuak eman ditu: egunero hamar orduz egiten zuen lan, El Casco-n. Larunbatetan ere zazpi eta erdiak arte lan egiten zuten. Abuztuan astebeteko oporraldia, besterik ez zuten. Kaskoan hasi zenean, 1944an, hilean 475 pezeta baino gutxiago irabazten zituen. Nikel eta kromo departamentuan aritu zen eta bere lana piezak lotzea zen, nikelean sartzeko; espezialitate bakoitzean bi emakume zeuden.

Gaspar Arizaga Alberdi Eibarren jaio zen 1953an. Arma-ekoizpenaren  prozesuari buruzko azalpenak eta, bereziki, aitonak 1917. inguruan sortutako "Gaspar Arizaga" markari buruzko azalpenak ematen ditu. Etxeko armagin tradizioari eutsi zion 80. hamarkadako krisialdiak tailerra ixtera behartu zuen arte.

Jesus Mª Aguirre Arriola Eibarko Errekatxu kalean jaio zen 1947an. Armeria eskolan ikasi zuen eta bertako irakaslea izan da urte askoan. Eibarko alkate izan zen 80ko hamarkadan. Organozalea da eta zehaztasun handiz ezagutzen ditu Eibarko Helmholtz organoaren historia eta musika-tresna horren gorabehera guztiak.

Jose Antonio Laskurain Ugalde 1930ean jaio zen Eibarren. Aita, Jose “Ondarru” zuen, Klub Deportiboaren lehenengo presidentea. Gerratean, Jose Antoniok Frantziara egin zuen ihes amarekin, eta, bueltan, Armeria Eskolan ikasi zuen. Eibarko aseguru-etxerik zaharrenetarikoan jardun du lanean urte askoan. Arrate Igoera auto-lasterketaren hasierako antolatzaileetako bat dugu.

Beharraren memoria: 2019an, herriko historiaren eta ondo egindako beharraren inguruko testigantza eder askoak jaso dira

Miren Arriaga.

etiketak: egoibarra