Aurten 'Izengabeak' musika-taldeen lehiaketaren II. edizioa egingo da
Lehiaketak gazteen talentu musikala sustatzea du helburu; sariak dirua eta estudio-orduak izango dira. Zuzeneko emanaldiak taldeak aukeratu ondoren egingo dira, irailaren 18an eta 19an.
Aurten Izengabeak musika-taldeen bigarren edizioa egingo da Eibarren. Sariketak Eibarko eta Debabarreneko gazteen talentua sustatzea du helburu. Eibarko Udalak eta Eibarko Musika Gazte Elkarteak (EMGE) antolatuta, lehiaketa indartsu dator, iazko edizioaren ostean.
Parte hartzeko baldintza da taldekideen % 50 gutxienez Debabarrenan bizitzea eta editatutako bi disko baino gehiago ez izatea. Lehiaketa irekita dago edozein musika-estilotako talde eta bandetara. Taldeek lau kantako bilduma bat bidali beharko dute, MP3 formatuan, eta haietako bi, gutxienez, originalak izango dira. Bildumaren gehieneko iraupena 20 minutukoa izango da. Kantuak euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dira, edo beste edozein hizkuntzatan, betiere euskarara edo gaztelaniara itzulita.
Lehiaketa bi fasetan egingo da: hasierako aukeraketa eta kontzertuen fasea, 2026ko irailaren 18an eta 19an, antolatzaileek esango dituztem tokietan. Hautatutako taldeei buruzko erabakia eta emanaldien ordena epaimahaiari eta antolaketari dagozkie, eta haien erabakiak apelaezinak izango dira.
Lehen saria 2.000 euro izango dira eta 50 estudio-ordu, Legarreko Musika Sormen Zentroan; eta bigarren saria, 1.000 euro eta 50 estudio-ordu. 500 euroko sari bereziak ere emango dira euskarazko kantu onenari eta Eibarko talde onenari. Irabazleen izenak irailaren 19ko amaierako ekitaldian iragarriko dira.
Jon Iraola alkateak lehiaketaren garrantzia azpimarratu du: “Izengabeak espazio bat da gure herriko eta eskualdeko talentu gazteek beren musika eskaini dezaten eta profesionalki garatu daitezen. Bertako sormena eta kultura sustatu nahi dugu, eta lehiaketa aukera ona da horretarako”.
Andoni Zabala Kultura zinegotziak azpimarratu duenez, “txapelketak musika-kalitatea saritzeaz gain, Debabarreneko musikarien arteko lankidetza bultzatzen du. Seguru gaude II. edizioak proposamen berritzaile eta zirraragarriak ekarriko dituela”.
Izen-ematea zabalik dago eta 2026ko maiatzaren 17ra arte egin ahal izango da, esteka honetan eskuragarri dagoen online-formularioaren bidez: https://formularioak.eibar.eus/es/izengabeak2026.