Eibarko Udala
egoibarra

Astelehenean Gaztainerre eguna ospatuko dugu

2024/11/08
Astelehenean Gaztainerre eguna ospatuko dugu
Antzina hildakoen omenezko ondra-janarekin ospatzen zen.

Gaztainerre eguna udazkenean Arimen egunaren ondorengo bigarren astelehenean egiten den ospakizuna da, bereziki Eibar eta inguruetan. Lagunartean eta familian ospatzen den ohitura da, normalean elkarte gastronomikoetan, eta menua hauxe izaten da: barraskiloak, berakatz-zopa eta, nola ez, gaztainak.
Juan San Martinek Gogoz liburuan ohitura honen inguruan idatzi zuen. Azaltzen duenez, egun hau familian ospatzen zen, etxean bertan, eta batzuetan familia bat baino gehiago biltzen zen. Dirudienez, urte batzuetan Astelena frontoian dantzak antolatu ziren egun honen bueltan.

Gaztain erreak zergatik jaten ziren azaltzen du testuan. Antzina gure basoetan gaztainondo ugari omen zegoen eta udazkenean jakirik ugariena eta merkeena zen. San Martinek dio Gaztainerre hiletaren ondoren egiten zen ondra-janaren antzerakoa dela, horregatik ospatzen dela Domu Santu eta Arimen gauaren ondoren. 

Lehen aipatu dugun bezala, badira urte asko eguna lagunarteko afari-merienda batekin ospatzen dela.

Ohitura honi eta Eibarko kontuei buruz zerbait gehiago jakin nahi izanez gero, hementxe duzu Juan San Martinen Gogoz liburua

.........

Argazkia: Jytim, CC BY-SA 4.0