Apirilaren 14an, II. Errepublikaren aldarrikapena eta Memoria Demokratikoaren Leku izendapena ospatuko ditu Eibarrek ekitaldi instituzional batekin
Untzaga plazan egingo da ekitaldi nagusia, instituzioen eta herritarren presentziarekin.
Astearte honetan, apirilak 14, Eibarrek atzera ere bere historiari begiratuko dio, II. Errepublika gogoratu, eta hiria Memoria Demokratikoaren Leku izendatu dela aldarrikatzeko. Egunaren eszenatoki nagusia Untzaga plaza izango da, balio demokratekiko konpromiso historikoaren ikurra baita.
Egitaraua 10:30ean egingo den ekitaldi instituzional batekin hasiko da, ofizialki Memoria Demokratikoaren Leku izendatu den Untzaga plazan. Plaka berri bat jarriko da udaletxean, 1931ko II. Errepublikaren aldarrikapenean izan zuen garrantzi historikoa aitortuz.
Oroitzapen- eta aldarrikapen-jarduera horretan, udal ordezkariekin batera, Estatuko agintariak egongo dira, besteak beste, Pablo Bustinduy Gizarte Eskubide, Kontsumo eta 2030 Agendako ministroa, eta baita Memoria Demokratikoaren Estatuko idazkaria ere.
Ospakizunean, musika-aktuazioekin batera, zenbait gogoeta irakurriko dira, solemnitatea eta parte-hartzea konbinatuko dituen formatu batean, memoria demokratiko herritarrei hurbiltzeko xedez.
Jon Iraola Eibarko alkateak herritarrak gonbidatu nahi ditu jarduera honetara: “Eibar protagonista izan zen gure herriko historiaren une garrantzitsu batean. Une hori oroitzea ez da soilik memoria-ekintza bat; une hori gogoratzea konpromiso bat da gaur defendatzen ditugun balio demokratikoekin. Eibartar guztiak daude gonbidatuta ekitaldi honetan parte hartzera, denona eta denontzat da-eta”.
Egun berean, arratsaldez, Coliseoan mahai-inguru bat egingo da, 19:00etan, “Avances sociales de la II República y el papel de las mujeres” izenburupean; bertan parte hartuko dute Cristina Almeidak, Manuela Carmenak eta Paquita Sauquillok, eta Irene Hernando izango da moderatzailea.
