Giza Estatuen XIV. erakustaldiarekin hasiko dira Antzerki Jardunaldiak

Giza Estatuen XIV. erakustaldiarekin hasiko dira Antzerki Jardunaldiak

Irudia: M.P.C. Bartzelona

2016/02/12

Untzaga plazan eta Toribio Etxebarria kalean, 17:00etatik aurrera.

Antzerki Jardunaldien 39. edizioa gaur, otsailak 12, hasiko da Giza Estatuen XIV. erakustaldiarekin, 17:00etan, Untzaga plazan eta Toribio Etxebarria kalean. Bertan parte hartuko duten antzezleak honakoak dira: Jorge Balmaseda (Argentina), Damian Fiore (Italia), Georgina Nieto (Frantzia), Karen Valderrama (Espainia) eta Edurne Pasadumbre (Espainia).

Keinu antzerkia

Otsailean Aratusteak, Antzerki Jardunaldietan Giza Estatuak. Azkeneko hamalau edizioetan beraiek izan dira Jaialdiaren ezinbesteko pregoilariak. Aurreko edizioetan bezala, aurtengoan parte-hartzen duten antzezleek ederki dakite mugimendua geldiarazten eta baita ere ikuslearen arreta eskuratzen gorputz espresioa, mimoa, yoga eta beste diziplina batzuetan erakusten duten maisutasunaren bitartez. Eibarrera datoz nazio desberdinetako hainbat hiritatik pertsonaia ikusgarri eta konplexuekin. Hauetako batzuk Eibarren kaleratuko dira lehen aldiz.

Aurtengo edizioan ikusiko ditugun aktore batzuk, Jardunaldietan izanak dira jada, eta ahalegin berezia egin dute dotorezia handienarekin itzultzeko. Badakigu ere Eibar gogoan dutela egiten dituzten bira luzeetan. Erraz atzemango gaituzte bere edertasun eta geldi egotearekin, bakarrik txanponen txin txin hotsak lortuko du beraien pizkundea.

Emanaldi ezberdinak

Bestalde, datorren astelehenean, hilak 15, Verónica Forqué antzezleak Eibarko Antzerki Jardunaldiei hasiera emateko ohiko hitzaldia eskainiko du, "La alegría del actor" izenburupean. Ekitaldia Coliseo Antzokian izango da, eta sarrera doakoa. Egun bat beranduago, otsailaren 16an, Forquek berak beste aktore batzuekin batera "Buena gente" antzezlana taularatuko du Coliseoan, 20:30ean. Edizio berrian aipagarriak diren antzezlanak, besteak beste, honako hauek dira: Edipo (Companhia Do Chapitó); La Boda de Betty Blue (Glu Glu Produkzioak); ¡Como en casa ni hablar! (Faemino y Cansado); Arte de las putas (Teatro del Temple); Páncreas eta Pankreas -euskaraz eta gazteleraz eskainiko den lana-; Natxo Monteroren Barbecho; Narruzko Zezen taldearen Objetos perdidos; Etxekoak (Huts Teatroa / Artedrama) edota Txalo Produkzioak konpainiaren Heroiak antzezlana.

Guztira, 160.000 euro inguru bideratu dira 2016ko Antzerki Jardunaldietara; Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak 21.000 euro eman dituzte bakoitzak, eta Eibarko Udalak 61.000 euro bideratu ditu. 

Antzerki jardunaldien egitaraua osorik ikusteko, SAKATU HEMEN.

Sarrerak

Sarrerak ohiko moduan lor daitezke Coliseo Antzokiaren lehiatilan, astelehenetan, 19:00etatik 20:00etara eta ostiraletan, 21:00etatik 22:00etara. Halaber, emanaldi bakoitza hasi baino ordubete lehenago eskuratu ahal izango dira (une horretan ikustera goazen emanaldirako soilik) eta antzezlanak amaitu ostean. Sarrerak www.kutxabank.es web orriaren bidez ere eskuratu daitezke eta 15 €-ko deskontua ikuskizunetan lor daiteke KAIXO KULTURA bonua erosterakoan.