Eibarko Udala
kultura

Akondiako aspaldiko konjurua ospatuko da datorren igandean, uztailaren 5ean

2026/07/02
Akondiako San Pedro ermita. Argazkia: www.egoibarra.eus
Akondiako San Pedro ermita. Argazkia: www.egoibarra.eus

Akondiako San Pedro ermitan izango da ehunka urte dituen erritu hau, 11:00etan, soroak bedeinkatu eta uztetarako babesa eskatzeko.

Eibarko Udalak herritarrak gonbidatzen ditu datorren igandean, uztailak 5 (11:00etan), herriko tradiziorik zahar eta berezienetako batean parte hartzera: Akondiako San Pedro ermitan izango den Akondiako konjurua.

Aspaldi-aspaldiko erritu hau, Eibarko historiari eta landa-iraganari hertsiki lotua, uztaileko lehen igandean egiten da urtero, soroak bedeinkatzeko, uzta ona eskatzeko eta laboreak ekaitzetatik, kazkabarretik eta kaltetu ditzaketen beste fenomeno meteorologikoetatik babestea helburu.

Antzina, konjurua latinez errezitatzen zen otoitz baten bidez, izpiritu gaiztoak eta ekaitzak uxatzeko eskatuz, Jaunari esker ona adieraztearekin batera. Gaur egun, testua euskaraz irakurtzen da. Denborarekin formari begira eboluzionatu badu ere, esanahiak bere horretan dirau: soroak emankorrak izan daitezen eskatzea, uztak oparoak izatea eta eguraldi txarrak urte osoan egindako lanaren fruituak jasotzea galaraztea.

Patxi Lejardi zinegotziak horrelako ospakizunak gordetzearen garrantzia azpimarratu du. “Akondiaren konjurua Eibarrek gordetzen duen tradiziorik zaharrenetako bat da, eta gure memoria kolektiboaren parte oso garrantzitsuaren isla. Ohiturarekin jarraitzea gure sustraiak ezagutzeko modu bat da, baita belaunaldi berriei oinordetzan jaso dugun kultur ondarea helarazteko modu bat ere”.

Lejardik herritarrak animatu ditu ekitaldi honetan parte hartzera: “Eibartarrak gonbidatzen ditugu Akondiara hurbildu eta gure nortasunaren parte den zeremonia bat bizitzera. Gure historiarekin lotzen gaituzten tradizioak dira, Eibarko kultura-ondarea aberasten dutenak.