AKE eta Super Akeak

2022/05/17

AKE etorkizunetik etorri den superheroia da; 2100. urtetik egin du salto gure gaurko herrira misio garrantzitsu bat betetzeko: Eibar hobea egitea; garbiagoa, justuagoa, euskaldunagoa, osasuntsuagoa eta zoriontsuagoa. Hori lortzeko hainbat gauza ikusten ditu AKEk Eibarren hobetu beharrekoak, baina berak bakarrik ezin du, laguntza behar du bere misioa aurrera eramateko. Horregatik, Eibarko 7 urteko neska-mutikoak aukeratu ditu erronkak gainditzen laguntzeko; eurek lagunduko diote ondoen. SUPER AKEAK dira.

Urtarrilean egin zien bisita lehenengo aldiz AKEk LH2ko ikasleei, Super Ake izateko proposamenarekin. Eskolaz eskola ibili zen bere misioaren berri ematen eta laguntzaileak biltzen. Eibar hobea lortzeko hainbat erronka jarri dizkie Super Akeei, eta horretan dihardute azken hilabeteotan LH2 mailako neska-mutilek. Super Akeek inguruan ikusten dituzten portaera desegokiak aldaraziko dituzte eta egokiak bultzatu, familiakoen laguntzarekin. Superheroien ezaugarri guztiak dituzte orain: boterea, identifikagarriak (txapa eta kapa), Akeberbak eta keinuak, Akekomikia, Akejolasa, Akeklik abestia eta koreografia…

Aurreko astean Super Akeek, AKEren laguntzarekin, euren familiei aurkeztu zieten misioa Coliseoan eta Portalean egin ziren ekitaldietan. Orain familien laguntza ere izango dute Eibar hobea egiteko ahaleginean.

Laster, gainera, Super Ake guztiak elkartuko dira lehendabizikoz, eta elkarrekin herritarrei aurkeztuko diete euren misioaTantanez tantan egunean izango da hori, maiatzaren 21ean. AKEk beteko du gantxilla urez Urkizuko iturrian, eta Super Akeek osatuko dute giza katearen azkeneko maila, berriz ere AKEk gantxilla jaso aurretik. Ondo merezitako omenaldia egingo zaie herrian; izan ere, eurei esker izango dugu etorkizunean Eibar hobea; garbiagoa, justuagoa, euskaldunagoa, osasuntsuagoa eta zoriontsuagoa!!!