8.600 lagun inguruk disfrutatu dute Eibarko Antzerki jardunaldien 49. edizioaz
Programazioak 46 egun hartu ditu, eta 23 konpainiak eta 77 antzezlek hartu dute parte. Antzerkiak, bai euskaraz bai gaztelaniaz, herriko jendearen jarraipen handia izan du.
Eibarko Antzerki jardunaldien 49. edizioa aurreko ostiralean itxi zen herriko La Red taldeak eszenaratutako “El encargo” antzezlanarekin. Azken jardunaldiaren egun berean Munduko Antzerkiaren Eguna zenez, Juanjo Pérez Coliseo antzokiko teknikariak aurten egun horren harira Willem Dafoek idatzitako mezua irakurri zuen. Une horrek balio izan zuen gogorarazteko zelako garrantzia duen antzerkiak arte- eta kultura-adierazpen gisa.
46 jardunaldietan zehar, 8.541 lagun bertaratu dira emanaldietara. Horietatik, 1.483 (% 17,36) euskarazko 6 antzezlanetara joan ziren (egitarauaren % 25); 5.959 lagunek (% 69,77) hartu zuten parte gaztelerazko hamabost antzezpenetan (programazioaren % 62,5); emanaldi elebidunean 76 pertsona izan ziren, eta 1.023 lagunek (% 11,98) testurik gabeko antzezlanez gozatu zuten (programazioaren % 8,33).
Coliseo antzokian eta Uni-Eibarreko antzokian antzeztutako lanek guztira 7.641 ikusle izan dituzte, alegia, salgai jarritako 13.334 sarreren % 57,30eko okupazioa. Sarrera horien % 77,47 Coliseoren Lagunak txartelarekin eskuratu ziren. Datu horrek herriko jendeak aste eszenikoekiko duen fideltasuna eta interesa erakusten du.
Programazioak iraun duen 6 asteetan zehar, 23 antzerki-konpainiaren proposamenak izan dira ikusgai, zeinetan 77 antzezlek hartu duten parte, baita talde teknikoek ere. Antzezleen artean figura entzutetsuak egon ziren, esaterako, Imanol Arias, María Barrancorekin batera, eta Ane Gabarain eta Gema Matarranzen antzezpen bikainak. Herriko artistak ere izan dira, besteak beste, Irune Hernando, Jone Laspiur, Nerea Gorriti eta Eibarko beste zenbait talentu.
Antzezlanen gaiei dagokienez, era guztietako emozioak eta gogoetak landu dira, hala nola bikotekideen arteko harremanei eta familia-loturei buruzko komediak, identitate pertsonalaren eta kolektiboaren, anorexiaren, nahi gabeko bakardadearen, giza aldrebeskeriaren eta gerraren gaineko kontakizunak eta clow teknikaren bidezko adierazpena. Istorio horiek guztiek barreak, emozioa eta hausnarketa-uneak eragin dituzte publikoaren artean.
Baroja Colleten kartela, bere collage originalarekin, erabili da Eibarko denda gehienetan jardunaldien promozioa egiteko. Kartelean, artistak publikoari gonbita egiten dio arte eszenikoen itsasontzian sartzeko, beste pertsonaia baten modura, eta Ulisesekin partekatzera Odisearen poema epikoa, arte bisuala antzerki-esperientziaranzko zubi bihurtuz.
Jon Iraola Eibarko alkateak ikusleek izandako harrera baloratu du, eta zera gehitu du: “Jardunaldi hauek Eibarrek kulturarekin eta arte eszenikoekin duen konpromisoaren isla dira, kontsolidatutako konpainiei zein tokiko talentuei babesa emanez. Parte-hartze masiboak erakusten du antzerkiak gure kultura-identitatearen oinarri bat izaten jarraitzen duela. Bestalde, Andoni Zabala Kultura zinegotziak adierazi duenez, “edizio honek izandako arrakastak 50. edizioa ilusioz prestatzera animatzen gaitu, gure artxiboa modernizatu eta urte guztirako programazioa indartuz, tokiko eszena bizirik egotea ahalbidetuko duten proposamenen bidez.
Eibarko Udaleko Kultura Sailak aurrera jarraitzen du arte eszenikoen programazioarekin. Apirilean, Dantzaren eguna ospatuko da, zeinean Eibarko hainbat kolektibok parte hartuko duten. Era berean, Ahotsa(k) ikuskizuna prestatzen ari dira Eibarko II. Errepublikaren Aldarrikapenaren 95. urteurrena ospatzeko, Irene Hernandoren zuzendaritzapean eta Kezka, Os gaicos, Kaxa taldeekin eta Musika Eskola eta Quico Pugesen musika-konposizioarekin.
Debabarreneko Eskola Antzerkiko XLI. Erakusketari ere jarraipena emango dio Udalak. Eskola-publikoari zuzendutako erakusketa da, zeinean Escape Room antzezlana estreinatuko den, Nerea Gorritiren parte-hartzearekin, eta horrela indartu egingo da eszena profesionalaren eta bertako talentuaren arteko konexioa.
Edizio honen amaieran, Eibar dagoeneko Antzerki Jardunaldien 50. ediziorako prestatzen hasi da, zeinak barne hartuko duen jardunaldien historia-artxiboa berreskuratzea eta digitalizatzea, herriko kultura- eta arte-memoriak eskuragarri eta bizirik jarraituko duela ziurtatzea helburu, datozen belaunaldiek ere ezagutu dezaten.