2018ko Abbadia Saria, "Euskal Herriko Ahotsak" proiektu eibartarrarentzat

2018/11/27
Euskararen normalizazioaren alde lan egin duten pertsona eta egitasmoak saritzen ditu urtero Abbadia Sariak eta aurtengo irabazlea Ahotsak.eus webgunea izango da, "azken 15 urteotan Euskal Herriko ahozko ondarea jasotzen eta katalogatzen egin duen lanarengatik". Eibartarrontzat bereziki pozgarria da albistea, Eibarko Markeskua jauregian daukalako egoitza egitasmo honek, eta bere lehenengo urratsak ere Eibarren eman zituelako, Eibartarren Ahotan proiektuaren eskutik.

Aurtengo Abbadia Saria Euskal Herriko Ahotsak proiektuari emango diola jakinarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Euskararen alde egin duen lana saritu nahi du, 15 urteko ibilbide oparoa, "euskararen alde egiten duen lanarengatik; Euskal Herri guztiko eta euskalki guztietako ahozko testigantzak etengabe jaso eta eskumen librean jartzeagatik sarean". Halaxe jakinarazi zuen Gipuzkoako Aldundiko ordezkari Garbiñe Mendizabalek. Azaroaren 30ean, San Andres egunez, izango da sari banaketa Donostian.

Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea jasotzeko sortu zen Euskal Herriko Ahotsak, Badihardugu euskara elkartearen eskutik. Hasiera-hasieratik elkarlanean bideratutako proiektua izan da, hainbat elkarte, ikerlari, bolondres eta erakunderen parte-hartzearekin, Ahotsak-eko lagunen leloa jarraituz, "guztion artean, guztiontzat". 2003an hasi zuten euren jarduna (elkarrizketak eginez, datu-basea antolatuz,...) eta 2008az geroztik jasotako material guztia Ahotsak.eus webgunean bistaratzen dute. 8.000 elkarrizketa inguru, Euskal Herriko 350 herritan egindakoak, 50.000 bideo-pasarte sarean kontsultagarri, eta milaka eta milaka ahots guztion eskura.

Eibarrekin eta Ego Ibarra batzordearekin harreman estua duen egitasmoa

Eibarko herriari eta Ego Ibarra Batzorde honi estu lotutako egitasmoa da, gainera, Euskal Herriko Ahotsak. Izan ere, 90. hamarkada amaieran Deba Ibarrean martxan zeuden hainbat ikerketa eta bilketa-proiektu izan ziren Ahotsaken abiapuntua, besteak beste Bergaran egiten ari zirenak (Juan Martin Elexpuruk, Jaione Isazelaiak, eta abarrek) eta Ego Ibarra Batzordeak bideratu zuen Eibartarren Ahotan egitasmoa.

1999-2002 bitartean sortu eta antolatu zen Eibartarren Ahotan proiektua, Eibarko ahozko ondarea, memoria historikoa eta euskara jasotzeko helburuarekin jaiotako proiektua, oraindik ere bizirik dagoena. Urte haietan 200 elkarrizketatik gora egin zitzaizkien Eibarko edadeko lekukoei, eta ahozko ondarea jaso eta katalogatzeko metodologia zehatza garatzea ere lortu zen. Orain dela 20 urte inguru ereindako haziak eman du fruturik eta, gaur egun, Euskal Herriko Ahotsak proiektua erreferentzia bihurtu da mundu mailan egiten diren antzeko bilketa-lanentzat.

Zorionak guztiei!

2018ko Abbadia Saria, "Euskal Herriko Ahotsak" proiektu eibartarrarentzat

Eibartarren Ahotan proiektuko elkarrizketetako bat, 2000. urtean. Juanita Arrieta, Margarita Murgizu eta Dolores Tolosa, Itziar Alberdi eta Asier Sarasua ikerlariekin

etiketak: