- https://www.eibar.eus/eu/kultura/agenda/idazlearekin-harixa-emoten-harkaitz-cano
- Idazlearekin harixa emoten: Harkaitz Cano
- 2024-10-08T19:00:00+02:00
- 2024-10-08T20:00:00+02:00
2024/10/08 19:00-20:00
Idazlearekin harixa emoten: Harkaitz Cano
Portalea. 1. Batzartokia
2024-2025eko ikasturteko lehen saio honetan Harkaitz Cano Jauregi izango dugu gurekin, Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez album ilustratuari buruz berba egiteko. Aukera izango dugu ikasturteko saio honetan liburuari buruzko galderak edo iruzkinak egiteko.
Ainhoa Aldazabalek zuzenduko du saioa. etakitto Euskara Elkartearekin elkarlanean antolatutako jarduera da honako hau.
Idazlea
1975 Lasarte. Donostian burutu zituen zuzenbide ikasketak, baina idaztea izan du beti ogibide. Lubaki Bandan hasi zen literatur jardunean eta 1994an argitaratu zuen bere lehen idazlana, Kea behelainopean bezala poesia liburua. Gerokoak dira Beluna jazz (1996) eta Pasaia blues (1999) eleberriak, Belarraren ahoa (2004) ukronia eta Neguko zirkua (2005) eta Beti oporretan (2015) ipuin bildumak. Hiru bider irabazi du Euskadi Saria eta bi aldiz Espainiako Kritikarena. Twist (2011) nobelarekin, 111 Akademia aipamena ere erdietsi zuen. Besteak beste Sylvia Plath, Anne Sexton, Hanif Kureishi, Paul Auster eta Allen Ginsberg euskaratu ditu eta nederlanderaz, galegoz, grezieraz, ingelesez, gaztelaniaz, errusieraz, alemanez eta italieraz irakur daitezke bere liburuak.
Liburua
Harkaitz Canok idatzitako album ilustratu honek, Isabel Hergueraren ilustrazioekin, liburutegiei eta literaturari omenaldia egin nahi die, gazteak literaturaren mundura erakartzeko asmoz. Antzezlana liburu-aurkezpen baten aitzakian hasiko da, eta liburu aurkezpen horretan aurkezten den liburua izango da ipuin hau, benetan existituko dena.
Alabarekin nola komunikatu ez dakien aita batek paperezko hegazkin bat bidaltzen dio egunero balkoitik agur esateko. Hegazkinetan idatzitako mezuen bidez, aitak literatura-misioak jartzen dizkio alabari, liburuzain zorrotz baten konplizitatearekin argitu ditzan. Horrela, liburuen eta bizitzaren arteko lotura ezagutuko du neskatoak.
Urte asko geroago, orain idazlea den alaba liburutegira itzuliko da bere lehenengo liburuan jaso duen iniziazio-esperientzia hori kontatzeko.